Ataungo aurrekontuak partaidetza prozesuak izango ditu aurten muin
Hirigintza plana, Botika-etxearen nahiz San Martingo plazaren eraberritzea, eta energia komunitatea sortzeko prozesuak hasiko dira. 2,3 milioiko udal kontua onartu dute.
Agintaldiko azkeneko udal aurrekontua, 2023. urteari dagokiona, urtarrilaren 26an, ostegun iluntzean onartu zuen Ataungo Udalbatzak. Aurreko hiru urteetako adostasunik ez da izan bozketan; EH Bilduren aldeko botoekin atera da aurrera, EAJ abstenitu den bitartean.
Guztira, 2.359.951 euroko diru hornikuntza izango du aurrekontuak. Zenbakiez harago, ordea, aurtengo urterako herritarrek ere parte hartuko duten zenbait prozesu nabarmendu ditu Martin Aramendi alkateak. «Urte garrantzitsua izango da, jendearen parte hartzearen aldetik», aurreratu du.
Hiru arlotan partaidetza prozesuak edo lanketak egiteko asmoa du udalak, izan zuzeneko hartzaile modura, izan hirugarren elkarteen eragile modura. Energia berriztagarrien sorkuntzaren aldetik, adibidez, instalazioak muntatzea hartuko du udalak 2023ko zeregin nagusietako bat. Eguzki-plakak eraikin publikoetan jarriko dituzte. Iaztik datozen 25.000 euroei, aurten bideratu dituzten beste 125.000 euro gehituko zaizkie; 150.000 guztira.
Plakak jartzeko lehen lanaldia esleituta dauka udalak: udaletxeko teilatuan eta Herri Antzokiaren gainean kokatuko dituzte. Beste proiektu batzuk ere begiz joak dituzte: San Gregorion, Aiako Erroipe aterpearen inguruan eta Joxemiel Barandiaran Herri Eskolara iristea da asmoa.
Herriko teilatu gehiagotan jar ote daitezkeen ere aztertu dute, baina ez da emaitza «oso ona» atera, teilatuen orientazioagatik eta egokitasunagatik.
Baina partaidetzari dagokionez, eta energiaren alorretik irten gabe, energia komunitatea sortzeko urratsak egitea izango da lan bat. Eragitea, kasu honetan. «Egin diren bileren ondorioak aterako ditugu, eta herritar talde bat osatu nahi dugu, udalak lagunduta, berez funtzionatuko duena, lanean hasteko jada», dio alkateak. Energiaz haragoko gaiei ere heltzeko ideiak ere atera dira: etxeetako auto kopuruaz, garraio partekatuaz edo elikaduraz, besteak beste.
Hirigintza eta plaza aldea
Herritarrek ekarpena egiteko beste bi prozesuek hirigintzarekin dute zerikusia. Batetik, Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorra berritzen hasiko da udala. Astazaldi SL arkitekto taldeak hartu du lizitazioa lehiaketan, bigarren deialdian. Eskakizunetako bat, herritarrek ere prozesuan –hiruzpalau urte iraungo du– parte hartzea da, eta bideak definitu dituzte.
Bestea, udalak urte bukaeran eskuratu zuen San Martingo Botika-etxearen inguruko gogoeta izango da, «Hirigintza Planaren barruan edo paralelo». Plaza inguru osoa aztertuko dute, auzo batzarretan atera zen estali bat egiteko nahia barne.
Hirigintza plana diseinatzeko proiektu guztirako 242.000 euro (BEZa barne) izendatu dira. Botika-etxearen eta plazaren gogoeta prozesurako, beste 60.000.
Atalka, kontu-sail handiena udal langileetarako izango da (656.500). Eraikinen mantenurako (596.000) eta herriko nahiz herriz gaindiko elkarteekin lankidetzarako (258.000) sailak dira dirutsuenak ondoren. Inbertsioetarako, denera 567.891 doaz.
Ataungo aurrekontua
INBERTSIOAK ETA ATALAK
- Baserri-bideak. 175.000 euro
- Eguzki plakak eta kargagailuak. 125.000
- Jolas parkeak berritu. 60.000 (Aiakoa, eskola eta Ergoenekoa)
- Landa lurrak. Digitalki mugarritu. Kartografia berritu
- Hirigintza plana. 242.000
- Botika-etxe gogoeta. 60.000
- Gizarte politikak. 175.000
- Festak-kultura. 101.000
- Taldeekin itunak. 258.000