Badator hileko lehenen larunbateko azoka
Neguko barazki eta bestelako produktuen aukera zabala izango da. Bakero oihalarekin poltsak egiteko tailerra eta azokako produktuen saskiak zozkatuko dituzte, besteak beste.
Otsailean sartu berri, hilabeteko lehen larunbateko azoka egingo dute, Beasainen. Urteko sasoi honetako barazki aukera zabala izango da, romaneskua, azalorea, brokolia, azelga, ziazerba, daikon arbia, aza, kale aza eta nobedade moduan baratxuri freskoa izango da. Osasunerako onuragarriak ez ezik, sasoitik kanpoko barazkiak baino prezio hobean izango dira eta ez dute ingurumena hainbeste kaltetzen.
Barazki postuez gain, beste jaki batzuk erosteko aukera ere izango da; eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta eta haziak. Aipatu ere, artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak eta abar saltzen dituen postua ere izango da. Azoka, 10:00etan zabalduko dute.
Ohiko moduan ere, Jenny Cruzekin tailerra antolatu dute; bakero oihalak erabiliz poltsak egiten erakutsiko du. 11:30ean izango da hori.
Goiza alaitzeko, Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek 12:00etan hasita emanaldia egingo dute.
Azokaren itxiera 14:00etan izango da,baina horren aurretik, 13:30ean, azokako produktuez osatutako bi saki zozkatuko dituzte erosketak azokan egin dituzten artean.