Herriari lotzeko mendi lasterketa
Gaur goizean aurkeztu dute otsailaren 12an jokatuko den Ordiziako Mendi Lasterketa, Ordiziako plazan. Bertatik irtengo dira lasterkariak, eta bertan helmugaratuko dira. Emakumeei parte hartzeko deia egin diete.
Gertuago dago aurtengo Ordiziako Mendi Lasterketa. Otsailaren 12an jokatuko da, datorren asteko igandean, 9:00etatik aurrera. Gaur aurkeztu dituzte xehetasunak Ordiziako Plaza Nagusian, Odilo Rivela antolakuntzako kideak, Jon Ander Caballero kirol zinegotziak eta Kike Mokoroa kirol teknikariak. Hain zuzen ere, plazatik bertatik irtengo dira korrikalariak, eta bertan helmugaratuko dira. Dagoeneko 120 bat korrikalarik eman dute izena.
1968. urtean errotutako proba batetik sortutako lasterketa da Ordiziako Mendi Lasterketa. Urte hartan, Eskitxabelek eta Rubiok Aralar inguruan mendi lasterketa apustua egin zuten, Larraitz eta Aralarko San Miguel ermita arteko ibilbidean. Hortik tiraka, 2018an, Ordiziako hainbat kirol elkartek eta Bolitas taldeak lehenengo Ordiziako Mendi Maratoi Erdia antolatu zuten, eta 2019-2021 artean urtero antolatu zuten proba bera, Larraitz aldean. Iaz, ordea, ez zuten mendi lasterketarik antolatu, buelta bat eman nahi ziotelako. Hala, aurten, Txindoki Atletismo Taldeak hartu du antolakuntzaren ardura, udalaren babes eta laguntzarekin, eta herrigunean jokatuko da.
Plazatik irtenda, frontoi aldera joango dira lasterkariak. Han buelta eman eta Urdaneta kaletik behera, Mariaratzera joango dira, Murumendira igotzeko. Beherako bukaera izango dute, Idoiagatik behera plazan helmugaratuko baitira. Odilo Rivela antolatzaileak azaldu duenez, lasterketa “nahiko azkarra” izatea espero dute. “Bi ordutik behera, ordubete eta 45 minutuan ibiliko da lehenengo lasterkaria”. Ibilbide berria eta Ordizian bertan hasi eta bukatuko dela izango da aurtengo probaren berrikuntza nagusia. “Herriarekin lotzeko eta pentsatuz jende gehiago animatuko dela, herriari giro pixka bat jartzeko, herrigunean izango da aurtengoa”, azaldu du Jon Ander Caballero kirol zinegotziak.
Izen-ematea, aurreko egunera arte
Antolatzaileen esanetan, izen-emate kopurua “nahiko ondo” doa, baina oraindik korrikalari gehiagok parte hartzea espero dute. www.kronoak.com weborrian egin daiteke izen-ematea, otsailaren 11ko 20:00ak arte. Korrikalari guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete, eta bereziki, emakumeei, gutxik eman baitute izena oraingoz. Lasterketa egunean ezin izango da izenik eman. Dortsalak irteera gunean banatuko dituzte, egun berean, 7:00etatik aurrera, NANa aurkeztuz gero.
Aurreko lau probetan bezala, maratoi erdia izango da, 21 kilometro, 1.000 metro desnibel positibo eta negatiboarekin. 45 urtez gorako Master, senior, 23 urtez azpiko eta ordiziarrak mutiletan, eta nesketan 40 urtez gorako Master, senior, 23 urtez azpikoak eta ordiziarren kategoriak izango dira.
Goierri Kopako proba
Goierri Kopa Trail Ligako bigarren lasterketa izango da Ordiziakoa. Bi kategoria ditu ligak: luzea, 20-26 kilometro artean eta 1.200-1.700 metro desnibel positiboarekin; eta motza, sprinta, 10 eta 17 kilometro artean eta 500-900 metro desnibel positiboarekin. Trail distantzian, luzean, Kopako lehen lasterketa izango da. Zirkuitu osoa 9 lasterketek osatzen dute.