Asteazkenean izango da batzar irekia, otsailaren 8an, 18:30ean, Barrena Jauregian. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren dinamikarekin bat eginez, zaintza sistemaren eraldaketa jarriko dute erdigunean.
Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izango da martxoaren 8a. Goierriko Koordinadora Feminista egun horren bueltako ekintzak prestatzen hasi da dagoeneko, eta batzar irekia deitu du antolaketak egiteko. Asteazkenean izango da bilera, otsailaren 8an, 18:30ean, Barrena Jauregian. Gaur egungo zaintza sistema eraldatzeko asmoz, EHMF Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatutako borroka-dinamikarekin bat egin du Goierriko koordinadorak, Denon bizitzak erdigunean lelopean. Martxoaren 8ko ekintzen diseinuan parte hartu nahi duen oro deitu dute bilerara.
Zaintzaren egituraketa aldatzeko, Denon bizitzak erdigunean dinamika jarri zuen martxan Euskal Herriko Mugimendu Feministak pandemia garaian. “2022ko otsailean Gasteizen elkartu ginen hainbat kide feminista Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa ezaugarritzen hasteko. Udazkenean herrialdeetan elkartzen hasita, prozesua elkarrekin marraztu dugu”, azaldu zuten sare sozialetan. Mobilizazio prozesu bati ekin diote, eta lehenengo mugarria izango da martxoaren 8a.
Zaintzaren inguruko diskurtsoak esanahia galdu du, EHMF-ren esanetan, edukiz hustu dutelako ahoz aho ibili ondoren. Horri buelta eman nahi diote, zaintza kolektiboaren aldeko apustua eginez. “Zaintza askatasunez, duintasunez eta konpromisoz jaso eta emateko pertsona guztien eskubidearen alde. Dependentzia egoeretatik harago, noiz, nola eta nor zaindu nahi dugun erabakitzeko ahalmenez ari gara, eta era berean, pribilegio posizio batetik zaintzeko ardurari ezin uko egiteaz. Zaintza gizartearen ardura izan dadin, eta ez negozio”. Goierrin ere, horrekin bat egin eta kalera irtengo dira emakumeak borroka feminista aldarrikatzeko.