Plan Orokorrak aurrera jarraitzen du Udal Gobernuaren bozei esker
HAPO proiektuari alegazioak egiteko epea zabalik dago. Masquatrok jarraituko du kiroldegian eta Mugiment berretsi dute. Merkataritzari laguntzak onartu dituzte.
HAPOaren hasierako onespenari baiezko bozka eman zion EAJk. Argazkia: Ariane Vierbücher Urtarrileko osoko bilkura egin zuten Beasaingo udal ordezkariek iragan ostegunean. Minutu bateko isilunearekin hasi zuten bilkura, Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Egunagatik. Segidan, gai zerrenda luzeari heldu zioten.
Onartu ziren gaien artean, hiri antolamenduari eragiten diotenak. Lurralde batzordeko proposamenen artean, Beasaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onespena bozkatu zuen udalbatzak. EAJren bozekin (10) onartu zen. EH Bilduk (5) eta PSE-EEk (2) kontran bozkatu zuten. Hasierako onespena denez, iragarki publikoa egingo dute, eta alegazioak egin daitezke.
Plenoan onartu zen ere, Fleming 34 areako eta Arizmendi I sektoreari buruzko plangintzako arau subsidiarioen aldaketari behin behineko onespena ematea. Leire Artola alkateak azaldu zuenez, egungo etxebizitzen eta Alkartasuna Lizeoaren arteko eremua hartzen du proposamen berriak, non 51 etxebizitza inguru aurreikusten diren. Bertara iristeko azpiegiturak hobetuko lirateke, baita igogailu publiko bat eraiki ere, Nekolalde inguruan. Alkateak nabarmendu zuen, «herriari amaiera on bat ematea da asmoa». EH Bilduk ezezko bozka emateko arrazoien artean «bertan eraiki nahi den etxebizitza ereduarekin ez gatoz bat» izan zen. PSE-EEk abstentziora jo zuen.
Lurralde batzordeko proposamenekin amaituz, udalerrian argiteria publikoa eta udal eraikinetako instalazio elektrikoak kontserbatzeko eta mantentzeko zerbitzua Loyola Norte SA enpresari esleitzea onartu zen aho batez.
Kiroldegia
Anzizar kiroldegiari lotuta, hainbat puntu landu zituzten ere. Kiroldegiko kudeaketa, Instalaciones deportivas Masquatro SL enpresari esleitzea erabaki zen, beste urtebetez. 1.415.143,40 euroko kostua izango du. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk, kontra. EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen, «kiroldegiaren inguruan hausnarketa egiteko une aproposa izan daiteke; nolako kirol zerbitzua nahi dugun, zein preziotan,…». Gaineratu zuen, «herritar guztien eskura egon behar duen zerbitzu bat izan behar duela». Alkateak, horri erantzunez esan zuen, «hau ez da nahi genuen lizitazioa» baina ikusita ez dela beste enpresarik aurkeztu, «hau da dagoen aukera». Gehitu zuen, helburua dela, «tarifen inguruan hausnarketa sakon bat egitea, kiroldegiaren inguruko hausnarketa sakon bat egitea, eta hurrengo lizitazioa, beste egonkortasun batekin ateratzeko gai izatea».
Mugiment txartela berritzeko Beasaingo Udalak eta EAEko administrazioa orokorrak sinatu beharreko lankidetza hitzarmena aho batez onartu zen. Osoko bilkuran aurkeztutako datuen arabera, 2.222 erabiltzaile izan dira beste herri batzuetako kirol instalakuntzetako abonatuak direnak. Horien artean, %90, eskualdeko erabiltzaileak dira: ordiziarrak, zumarragarrak, urretxuarrak eta legazpiarrak.
Alderantzizko kasuan, beasaindar abonatuak direnen kasuan, 440 abonatuk erabili izan dituzte beste kiroldegi batzuk.
Merkataritza
Merkataritza sektorea biziberritzeko helburua duten laguntzak ere onartu ziren. Irizpideak onartuta, lokal hutsak bete eta merkataritza sarea eta aukera handitu eta udalerriko zenbait eremu biziberritu nahi dituzte.
Eta aipatu ere, horrez gain, euskararen presentzia saltokietan sustatzeko helburuarekin, saltokien errotulazioa eta webguneak euskaraz egiteko diru laguntzen oinarriak ere onartu zirela azken osoko bilkuran.
Kultur sorkuntza sustatzeko babesa onartu da bilkuran
Kultur sorkuntza dinamizatzeko diru laguntzen oinarriak alderdi guztiek aho batez onartu zituzten azkeneko osoko bilkuran. Aurkeztuko diren proiektuek euskararen presentzia bermatu beharko dute,, eta alor desberdinekoak izan daitezke; sorkuntza eszenikoa, obra bisual eta plastikoak, ikus-entzunezkoak, musika edo soinu konposizioa, ekintzailetza edo ikerkuntza proiektuak, haur eta nerabe literatura eta helduentzako literatura proiektuak. 18 urtetik gorakoak izango dira onuradunak, Beasainen erroldatuak eta proiektuaren aurrekontuaren %75 finantzatuko da gehienez. Eskabideak irailaren 10a arte.













