Asviamieren mozioa aho batez onartu du Beasaingo udalbatzak
Beasainen amiantoaren mapa osatzea, udal eraikin guztietatik amiantoa kentzea, eta udaleko gizarte zerbitzuek amiantoaren biktimei eta haien senideei aholkularitza eta laguntza ematea dira hartutako konpromisioak.
Gutxitan betetzen da Beasaingo udaletxeko batzar aretoa osoko bilkura bat izaten denean. Atzokoan, baina, publikoarentzat dauden eserleku guztiak bete ziren eta zutik geratu zen jende asko. Asviamie elkarteko ordezkariak eta amiantoaren biktimen senitartekoak, CAF enpresako langileen batzordeko ordezkariak, LAB sindikatukoak, EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza eta Podemoseko ordezkariak eta hainbat herritar izan ziren.
Hain zuzen ere, herritar den-denei eragiten dien gai bat zegoen mahai gainean, udalerrian egon litekeen amiantoarekin lotuta dagoena. Amiantoaren biktimak biltzen dituen Asviamie elkarteak udal ordezkariei eskatu zien, hainbat konpromiso har ditzala: Beasainen amiantoaren mapa osatzea; udal eraikin guztietatik amiantoa kentzea; eta udaleko gizarte zerbitzuek amiantoaren biktimei eta haien senideei aholkularitza eta laguntza ematea.
Bozketaren aurretik, hitzartzeak egin ziren. Jon Garcia Asviamie elkarteko ordezkaria izan zen hitz egiten lehenena, ondorengo irakurketa eginez: “Agerian utzi nahi dugu, gure udalerrietan dagoen amiantoa kentzen hastea guztiz beharrezkoa dela, eta ez bakarrik 7/2022 Legeak horretara behartzen duelako, baizik eta herritarren osasuna babesteagatik. Orain arte, amiantoagatik hildakoak, material horrekin harremanetan lan egin duten langileak izan dira, batik bat, baina jakina da, urteek aurrera egin ahala, narriaduraren ondorioz, amianto hautsa ingurumenera askatuko dela, gu denon osasunerako erabat arriskutsua dena. Amiantoaz kutsatutako airea arnasteagatik pertsona asko gaixotu daitezke. Hori horrela izanik, amiantoaren kokapenaren errolda osatu behar da. Ondoren, udal azpiegituretan kenduko da lehenik amiantoa. Bigarren fasean, etxebizitza eta eraikin partikularretan jardun beharko litzateke, eta horretarako, beharrezkoa da diru-laguntzak indarrean jartzea. Bestalde, biktimei laguntzeko atalean, Udalak herritar guztiei jakinarazi beharko liekete, kudeaketa prozesu osoan laguntzeko eta aholkua emateko prest daudela. Hori betetzeko, kaltetuekin harremanetan jarri beharko lirateke,eta horretarako, beharrezkoa da Osakidetzaren laguntza izatea. Mozioaren helburuk dira, osasun publiko arriskua ekiditea eta biktimak babestea eta laguntzea”.
Aspaldiko eskaera
EH Bilduko bozeramaile Nerea Manzisidorrek mozioarekin “erabat ados” daudela esanez hasi zuen hitzartzea. Jarraian, gogoratu zuen, “EH Bilduren aspaldiko eskaera” dela udalak amiantoaren inbentarioa osatzea, eta “2021 urteko aurrekonturako proposatu genuen herri onurarako”. Amiantoaren mapa hori, “eremu publikoan, baita pribatuan” proposatu zuela EH Bilduk, legea iritsi aurretik. Manzisidorrek jendaurrean esan zuenez, “udal gobernuaren erantzuna izan zen, bazegoela inbentario bat eginda, baina hirigintza zerbitzu sailean galdetu, eta erantzuna izan da ez dagoela inongo inbentariorik eginda”. EH Bilduko bozeramaileak aditzera eman zuenez, “dagoena da, 2011 urteko mozio bat, EAJ alkatetzan zegoenekoa, eta horretan jada, konpromiso berdinak hartzea eskatzen zitzaion udalari”, baina “ez da bete”, eta “orain legeak eskatzen” duela.
Bestalde, gizarte zerbitzuek senitartekoei laguntza ematea, “beharrezkoa” iruditzen zaio EH Bilduri, “bereziki, kontutan hartuta, Beasain dela amiantoaz hildako herritar gehien duen bigarren udalerria Espainiar Estatuan”, nabarmendu zuen Manzisidorrek.
Leire Artola alkateak, mozioari “aldeko bozka” emango ziotela adierazi ondoren, EH Bilduko zinegotziaren hitzei erantzunez, onartu zuen “inbentarioa ez daukagu eginda, baina, 2023 urterako udal aurrekontuetan, partida bat konsignatuta daukagu inbentarioa egiteko”.
Jarraian, orain arteko hainbat interbentzio aipatuz itxi nahi izan zuen EH Bilduk irekitako debatea Artolak; “Manufacturas Olaranen eta hainbat ikastetxe publikoetan zegoen amiantoa kendu dugu, gainontzean, ez dugu uste eraikin publikoetan amianto asko egongo denik”·
Alkateak bere hitzartzea borobiltzeko asmoz adierazi zuen, “legeak jasotzen duelako, baina baita ere konbikzio propioz, udal gobernu honek, inbentario hori egiteko, eta behin hori eginda ekintza plana txertatu beharko da, eraikin publikoetan dagoen amianto hori kentzeko”.
Ikusita, alkateak, eremu publikoari bakarrik egin ziola erreferentzia, EH Bilduko bozeramaileak berriro hitza hartu eta azpimarra egin zuen esanez “interesgarria izango litzateke ere, eraikin pribatuetan amiantoa kentzeko diru laguntzak ematea aztertzea, zoritxarrez, uste baino amianto gehiago egon daitekeelako eremu horietan”.
Horri erantzunez, alkateak esan zuen “ikusi beharko da zein modutan egin daitekeen hori ere”.
Beste esperientzia batzuk
Olaberriko udaleko EH Bilduko zinegotzia Aitor Urkiola, publikoan zegoen atzoko bilkuran, eta gai honen inguruan bere udalerrian izandako esperientzia partekatzeko eskaera egin eta onartu zitzaion. Aretoan zegoen jende guztiaren aurrean, baina bereziki Beasaingo udalbatzari zuzenduz azaldu zuen, Olaberrian, herri guztiko amiantoaren mapa egin dutela, eta sorpresa izan dela eraikin publikoetan uste baino amianto gehiago dagoela.
Azaldu zuen ere, legealdi honetan diru lerro batzuk bideratu direla, partikularrek amiantoa ken dezaten. Laguntzei dagokienez, gehitu zuen, Eusko Jaurlaritzak lurzoru kutsatuen inguruan dituen diru-laguntzak direla eta, %80ko laguntza jaso dutela, memoria bat aurkeztu ondoren. Beasainen ere ahalegina egitera gonbidatuz bukatu zuen Urkiolak.
Aho batez
Osoko bilkurako puntu honi itxiera emateko bozketa egin zuten, eta aho batez onartu zuten. Hala, udalbatzak mozioren eskakizunak betetzeko konpromisoa hartzen du.