Emakumeen lanak kalera

‘Emakume margolariak: kalean margotzen’ ekimena egin dute beste urte batez Ordizian, Kimetz Emakumeen Elkarteak antolatuta. Patxi Moralesen hainbat ikasle udaletxeko arkupeetan aritu dira margotzen, espazio publikoa hartu eta herritarrei haien lanak ikusteko aukera emateko helburuarekin.

Ordiziako udaletxepean margotzen ari zen emakume taldea, Patxi Morales irakaslearekin. // Argazkia: Laida Goiburu

Emakumeen Nazioarteko Eguna asteazkenean izango da, Martxoaren 8an. Dagoeneko, halere, egunaren bueltako ekintzak egiten hasi dira Goierriko hainbat eragile eta elkarte. Atzo, Ordiziako 10 bat emakume margolari kalera atera ziren haien lanekin, hotzari aurre eginez, espazio publikoa hartu eta herritarrei haien lanak ikusteko aukera emateko helburuarekin.

Barrena kultur etxean Patxi Morales margolari eta irakaslearen eskolak jasotzen dituzten emakumeek parte hartu zuten ekimenean. Eskoletan lantzen ari diren margolanak atera zituzten udaletxeko arkupeetara, eta bertan izan ziren pare bat orduz margotzen. Urtero Martxoaren 8aren bueltan antolatu ohi dute Emakume margolariak: kalean margotzen ekimena, eta aurten ere heldu diote horri. Artearen bidez kalera elkarrekin atera eta eskoletan egiten duten lana herritarrei erakusteko aukera da. Martxoaren 20tik 26ra, ekimenerako landutako lanak erakusgai jarriko dituzte Barrena Kultur Etxean egingo duten margolan erakusketan.

Pixkanaka, gehiago
Chari Campano Kimetzeko kide eta eskolako margolariak azaldu duenez, «25 bat urte» daramatzate ekimena egiten. Hasierako aldietan kosta egin zitzaien arren, «asko gozatzen» dute. Belen Balerdi Kimetzeko presidenteak proposatuta jarri zuten martxan. «Hasieran lotsa izaten genuen, lauzpabost ginen, eta jendeak ere ez zuen honen berririk, baina geroz eta emakume gehiago animatzen dira».

Chari Campano. Kimetzeko kidea eta margolaria

«Oso talde polita da. Margotzeaz gain, bizipenak partekatzen ditugu»

Hutsetik hasita margotu zuten lehenengo urteetan, mihise zuritik, baina jada martxan dauzkaten lanak ateratzen dituzte egun, jendeak egindakoa ikusteko aukera izan dezan. Barrenako parkean egin ohi zuten hasieran, gero Zuhaizti zentro kanpoan, eta gaur egun udaletxeko arkupeetan egiten dute. «Jende gehiago pasatzen da bertatik eta interesa pizten du». Margotzeaz harago, elkarren arteko harremanetan sakontzeko aukera nabarmendu du Campanok: «Oso talde polita da. Taldeak asko eragiten du ekimenean. Margotzeaz gain, bizipenak partekatzen ditugu. Elkarrekin bazkaltzera joango gara».

Paisaiak, erretratuak edota abstrakzioa lantzen ari dira parte hartzaileak, bakoitzaren interesaren arabera. Emakume gehiago margotzera eta lanak erakustera animatzeko jarri zuten martxan ekimena, eta urteen poderioz, parte hartzaile gehiago daudela nabaritu dute. «Helburua da jendeak aukera hau dagoela ikustea, izena eman dezakeela eta honen parte izan daitekeela».

Ekainean ere, erakusketa
Martxo amaierako erakusketaz aparte, ekainean, Moralesekin urte guztian zehar landutakoaren erakusketa egingo dute.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa