Eskolarteko txirrindularien topaketa eta lasterketak, bihar Zegaman

Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Eskolarteko Txirrindularien 3. topaketa eta lasterketa jokatuko dira bihar arratsaldean, Zegaman. Gipuzkoako txirrindulari gaztetxoek hartuko dute parte probetan, «Andoaindik hasi eta Zegamara arteko txirrindulari eskoletakoek», Elkartu Nahiko Ruben Zabaletak zehaztu duenez.
Hiru kategoriatan banatuta egingo da proba: benjaminen, kimuen eta gazteen mailan. «Benjaminen mailakoa topaketa izango da eta kimuen eta gazteen mailan jokatuko dira lasterketak», adierazi du Zabaletak. Mailaka antolatuta aterako dira txirrindulariak, Zegamako plazako irteera gunetik, 16:30ean hasita.
Lasterketa herrikoia
Herrian zeharreko ibilaldi zirkularra antolatu dute hiru saioetarako. Plazatik irtenda «Barberiara joko dute, handik eskolako bidera eta Eroskiraino. Eroskitik Amezti elkartera joango dira eta farmaziatik gora, berriz, plazara itzuliko dira». Maila bakoitzeko txirrindulariek zehaztuta dute ibilbideari zenbat buelta emango dioten: «Benjaminek bi, kimuek bost eta gazteek hamar».
Berezitasun moduan, proba ofizialen aurretik lasterketa herrikoia izango da, «Zegamako haurrek zirkuituan lasterka aritzeko aukera» izango dutelarik. Guztira, «50 bat txirrindulari» elkartzea espero dute.