Goierri Kopako liderrek elastiko berezia jantziko dute igandetik aurrera
Goierri Kopa Trail-eko antolatzaile eta babesleek eta Goiekik elkarlanean sortu dute kopako liderraren elastikoa. Lasterketa bakoitzaren amaieran 4 banatuko dituzte lider bakoitzarentzat: traileko zein sprint-eko bi liderrentzat, neska eta mutil.
Goierriko mendi lasterketen Goierri Kopa Trail-eko liderrek kamiseta berezia jantziko dute aurrerantzean. Goiekik eta Kopako antolatzaileek elkarlanean jarri dute martxan proiektua. Lehenengo postuan doazenek parte hartzen duten lasterketetan jantzita eraman beharko dute. Igandean jokatuko den UZ Trail-ean banatuko dituzte lehendabiziko aldiz.
Goierri Kopa Traileko koloreak ditu elastiko berriak: gorria, zuria eta beltza. Mahuka batean denboraldiko lasterketak agertzen dira, eta atzealdean Goiekiren eta kopako babesleen izenak (Sasoian, Hotel Ordizia, GSM, Txomin Zubeldia). Gaur aurkeztu dute ekimena Goierri Valley-ko NBF eraikinean, Iker Galparsoro Goiekiko zuzendariak eta Odilo Rivela Goierri Kopa Traileko antolatzaileak. Rivelak azaldu du antolatzaileek koparen nortasuna azaltzen zuen elastiko baten beharra nabaritu zutela, “eta horregatik kolore korporatiboak islatuta” agertzen direla. Pandemia aurretik hasi ziren elkarlanari forma eman nahian, baina aurten izan da momentua. “Goierritar nortasun hori bultzatzea eta, batez ere, udalerrien arteko elkarlana sustatzea dira helburua”, gehitu du Galparsorok.
Lasterketa bakoitzean 4 elastiko banatuko dituzte: trail zein sprint-eko neska eta mutil liderrarentzat bana. Zazpigarren denboraldia du Goierri Kopa Trail-eko proiektuak, eta aurtengo zirkuitua 9 lasterketek osatzen dute. Garingo eta Ordiziako lasterketak jokatuta, igandeko UZ Trail-aren ondoren, Arriarangoa martxoaren 18an izango da. Hurrengoak Leharrei (martxoak 25), Segura-Zerain (apirilak 22), Txindoki KM bertikala (maiatzak 7), Zaldibiakoa (maiatzak 27) eta Axari Trail (irailak 19) izango dira. Jokatzeko geratzeko diren zazpietan lider-elastikoa jantziko du liderrak, betiere parte hartzen badu.
Diez, Zubizarreta eta Zunzunegi, lider
Ordiziako mendi lasterketa eta Garingo mendi lasterketa jokatu dira Goierri Kopa Trailean. Ordiziakoa trail modalitatean, eta Garingoa sprint-ean. Hala, bakoitzetik bana jokatu da. VII. Goierri Kopa Traileko liderrak Martin Diez Virto segurarra eta Irati Zubizarreta Armendariz beasaindarra dira, eta VII. Goierri Kopa Trail Sprint-eko liderrak, aldiz, Zubizarreta bera, eta Aitor Zunzunegi Tapia legorretarra. Hain zuzen ere, Zunzunegik jantzi du elastikoa gaurko aurkezpenean.