Ordiziako eta Lazkaoko adarrek Beasainen egingo dute bat
Talde feminista gehienak Beasainen elkartuko dira. Manifestazioan Ordiziatik eta Lazkaotik abiatuko dira eta Erauskin plazan egingo dute amaiera ekitaldia.
Goierriko talde feminista gehienek eskualde mailako manifestazioa deitu dute Martxoaren 8rako. Ordiziako eta Lazkaoko plazetatik abiatuko dira, 18:00etan, eta Beasaingo Erauskin plazan elkartuko dira, ordubete geroago. Emakumeen egunaren harira egindako hausnarketa irakurriko dute han.
Zaintza alorrean jarriko dute azpimarra. Goierritarrek Euskal Herriko Mugimendu Feministaren irakurketarekin bat egin dute eta. Feministek aitortu dute ez dela aldarrikapen berria, baina atsekabetu dira azken urtean «zapalkuntza egoera» ez dela «asko» aldatu. Zaintzaz hitz egitea, «gorputzen, lurraldeen eta herrien arteko interdependentzia loturak jostea eta saretzea» dela uste du mugimenduak.
«Egungo zaintza sistema eraldatzera» deitu dute mugimendu feministako kideek. Agintariei eta enpresariei «zaintzaren beharrak merkantilizatzea, pribatizatzea eta horiekin espekulatzea» egotzi diete. Salatu dute, gainera, sistema horren barruan emakumeen bizkar jartzen direla zaintza lanak. «Egungo zaintza sistema irauli behar dugu. Emakumeak gara familian zaintzen ardura gure gain hartzen dugunak, zahar etxeetan eta haur eskoletan lan egiten dugunak, emakumeak gara etxeak eta ospitaleak garbitzen ditugunak, zahartzaroan dauden pertsonak egunerokoan zaintzen eta garbitzen ditugunak». Eta, segituan, galdera egin dute: «Nork zaintzen ditu zaintzaileak?».
Zaintza sistema iraultzea «dena eraldatzea» dela nabarmendu dute eta baita «emakumeen aurkako indarkeria eta desberdintasun ardatz nagusietako bat astintzea» ere.
Eskualde mailako manifestazioaz gain, herrikako deialdiak ere antolatu dituzte. Tokian tokiko mobilizazioetan parte hartzeko dei egin diete goierritarrei.
Itaia
Itaiak ere eskualde mailako bi mobilizazio iragarri ditu. Ordizian egingo dute bat, 18:30ean, Barrena plazan; Urretxun bestea, 20:00etan, zuhaiztian. Sistema kapitalista jo dute emakumearen zapalkuntzaren errudun.