25. Gabiria-Legazpi rally-sprintean abiada bizian pasa dute arratsaldea
82 talderen artean jokatu dute gaurkoan 25. Gabiria-Legazpi rally-sprinta. Parte-hartze marka hautsita, automobilismoaren jaiak Gabiria eta Legazpi hartu ditu errepideak abiadura bizian jarriz. Akulu Motorsport taldea izan da garailea.
Gabiria eta Legazpi arteko errepidea abiadurak hartu du gaurkoan. Goizean Legazpin hasi dute automobilismoaren jaia eta jarraipena arratsaldeko 14:00etan eman diote rally-sprintarekin. Ikusleak han-hemen zeuden, bazterretako altuerak aprobetxatuz ikuskizunaz gozatzen.
Akulu Motorsport taldea izan da gaurkoan ibilbidea azkarren osatu duena, Aitzol Apalanza bolantean eta Jon Zozaya alboan, pilotukide gisa. 5 zenbakiarekin hartu du parte talde honek eta hiru tramoetan 12:40.025-ko denbora egin dute, garaipena lortuz 3 segundoko abantailarekin gutxi gorabehera.
Talde bereko beste bi kiderentzat izan da bigarren postua, Alberto Marcos gidariarentzat eta Maialen Guridi pilotukidarentzat. Hirugarren postua, aldiz, Durangalde Racing Elkartearentzat, Ivan Muñoz gidari duelarik eta pilotukide postuan Ibai Ajuriagoikoa. Bigarrenarekiko lau segunduko aldearekin.














