Egea eta Osa irabazle UZ Trail lasterketaren 8.edizioan
UZ Trailen 8.edizioa egin dute gaurkoan Zumarragan eta Urretxun eta garaipena herrian geratu da gizonen kategorian, Aritz Egearen lorpenarekin. Malen Osa oñatiarra izan da emakumezkoetan irabazlea.
Urretxu/Zumarragako Areizaga/Kalebarren plazak hartu du gaurkoan Goierri Kopako lekukoa. UZ Trailren 8.edizio honetan ere Urretxuko eta Zumarragako inguruak izan dira protagonista, Izaspi mendia izanik lasterketaren punturik altuena. Hiru proba desberdin izan dira gaurkoan jokatutakoak: luzea, motza eta 20, 18 eta 16 urtez azpikoa.
Goizeko 9etan abiatu da lasterketa luzeena. 23,4km egin dituzte lasterketa honetan parte hartu dutenek, 1600m-ko desnibel positiboarekin. Bertan 198 korrikalarik hartu dute parte eta lasterketa honetan eta Aritz Egea urretxuarra eta Malen Osa oñatiarra gailendu dira.
Bigarren proba, berriz, ordu erdi beranduago hasi da. 9:30etan abiatu dira lasterketa motzeko parte-hartzaileak hasierako marratik, aurrekoak irten diren leku beretik. Hala ere, hauek lana laburragoa izan dute, 12,1km-ko bidea izan baitute parez pare.
Hirugarren probari dagokionean, parte-hartzaile gazteenen proba izan da. 20, 18 eta 16 urtez azpiko kategorietakoak izan dira lasterketa honetan lehiatu direnak. Hauek ere goizeko 9:30etan hasi dira oinak astintzen eta 6km-ko bidea egin dute.
Sailkapena
- Lasterketa luzea (23,4km)
Emakumezkoak
- Malen Osa Ansa
- Ainhoa Sanz Rodriguez
- Irati Zubizarreta Armendariz
Gizonezkoak
- Aritz Egea Caceres
- Alvaro Ramos
- Hodei Samaniego Bouso














