Bi hitzaldi antolatu ditu Ordiziako EH Bilduk datozen asteetarako
Martxoaren 15ean, 'Zaintza komunitarioa: Usurbilgo esperientzia' hitzaldia egingo du Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak, eta martxoaren 22an, kulturartekotasuna landuko dute Zaldibiako esperientzian oinarrituta.
Ordiziako EH Bilduk, hurrengo legegintzaldirako Herria Programa osatze aldera, hamaika batzar egin ditu urtarrilean eta otsailean herriko auzoetan. Buztuntzan, Majorin, Otegi-Enean, Altamiran, San Joanen, Filipinaken, San Bartolomen, Urdanetan eta erdigunean egin dituzte bilerak herritarrekin. Lanketarekin jarraitzeko, bi hitzaldi antolatu dituzte datozen asteetarako.
“EH Bildurentzat oso inportantea da herritarrok gure auzoez eta herriaz dugun iritzia ezagutzea, eta guztion ekarpenekin, Ordizia erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa eraikitzea” azaldu dute ohar batean bidez. Ekarpenak aintzat hartuko dituztela gehitu dute. Lanketarekin segituko dute, martxoan egingo dituzten bi hitzaldirekin.
Lehena, martxoaren 15ean izango da, 18:30ean, Barrena Jauregian. Usurbilgo esperientzian oinarrituta, zaintza eredu komunitarioa izango du hizpide Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak. Bigarrenean, martxoaren 22an, kulturartekotasunaz, euskal kulturaren transmisioaz, euskaraz eta kohesio sozialaz ariko dira, Zaldibiako esperientzia oinarri. Felicia Toma eta Amaia Sasiain Lardizabal eskolako gurasoak eta Eztitxu Mujika eskolako guraso eta Zaldibiako alkatea izango dira hizlariak.













