Txistu doinuak edonon
Legazpin egingo da Euskal Herriko Txistu Eguna, larunbatean. Goiz Deia txistulari bandak antolatu du topaketa. Kontzertua eta kalejira egingo dute lurralde guztietako 80tik gora txistularik.
Euskal Herriko txistulariak Legazpin elkartuko dira larunbatean, hilak 25, Txistu Eguna 2023 ospatzeko, eta tresna horien doinuak herri osoan zehar zabaltzeko. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen batzar orokor arrunta egiteko ere baliatuko dute.
Euskal Herriko Txistulari elkarteak urtero burutzen duen ekintza da Txistu Eguna, eta urtero herrialde batean egiten da. Aurtengoa Gipuzkoari zegokion egitea eta Legazpiko Goiz Deia Txistulari taldeak hartu zuen antolaketaren ardura. «Beste urteetan beste herri batzuetara joan izan gara, eta aurten Legazpin egitea eta legazpiarrekin txistu festa hau konpartitzea pentsatu genuen», azaldu du Iker Azpeitia bandako kideak. «Ikusgarria» izango dela agindu du, 80tik gora txistulariren partaidetza izango delako.
Goiz osoko egitaraua
Txistu eguna 09:00etan hasiko da. Euskal Herria plazan elkartu ondoren, kalejiran abiatuko dira txistulariak. Ordu bete geroago, batzarra hasiko da Latxartegi aretoan, eta 12:00etan amaituko dute, Gizarte Zentroan hamaiketakoa egiteko. Udaletxera joango dira gero, alkatearen ongi-etorria jasotzeko, eta dantzariek eskainiko dieten aurreskurako.
Txistu festa lehertuko da ondoren. 12:45ean kontzertua egingo dute txistulari guztiek elkarrekin plazan, eta bertan Legazpiko Erraldoi Konpartsak ere parte hartuko du. Ordu erdira, kalejiran aterako dira, erraldoiez lagunduta. Amaitzeko, bazkaria izango dute. Eguraldi txarrarekin, kalejiraren ordez, erdiguneko aterpeetan joko dute: eliz atarian, Txomineneko pasoan eta Plazaola kalean. Kontzertua, berriz, Azokan egingo dute.
Goiz Deia, gogotsu
Legazpiko txistulariek gogotsu hartu dute Txistu Egun honen antolakuntza. Gaur egun hamar bat lagunez osatuta dago, eta laster musika eskolan txistua ikasten ari diren gaztetxo batzuk bandan sartzea espero dute.
Hilero kalejirak egin eta herriko festa guztietan jotzeaz gain, Goiz Deia bi dantza taldeekin ere aritzen da eta bestelako ekitaldietan ere parte hartzen du. Iaz, 55 ekitaldi egin zituen, tartean Madrilera irteera.