«Gaur arte ez diot idazteari utzi, poesia batez ere»
Beti idatzi izan du Pedro Zabaletak (Legazpi, 1942), baina apaizgoa utzitakoan hasi zen idazle eta itzultzaile gisa lanean. Gaur, 80 urterekin, poesia bilduma bat kaleratu du ‘Hondarrak’ izenburuarekin.
Pedro ala Pello zara?
Ni Pedro Martin naiz, eta Legazpin Olaetxeko Pedro, Julianen semea bezala ezagutzen naute. Martin ez dut inoiz erabili, baina sinatzeko Pedro M. Zabaleta jartzen dut.
Olaetxekoa zara, beraz?
Bai. 1942ko azaroaren 10ean jaio nintzen, eta bederatzi urterekin Arantzazura joan nintzen ikastera. Hara iritsi aurretik plazako eskoletan ibili nintzen, eta hango maixua gogoratzen dut, Don Timoteo Calvo, hari zor diodalako jakiteko irrika. Irakasle oso ona zen. Gero Kolegiora joan nintzen, eta handik, Arantzazura.
Zenbat denbora egin zenuen Arantzazun ikasten?
Hiru urte, eta beste bi Foruan, Bizkaian. Kurtso guztiak oso ondo atera nituen, ikasteko ez dut arazorik izan inoiz. Bost urteak etxera itzuli gabe egin nituen. Gero, Foruatik Zarautzera joan nintzen, nobiziotza egitera.
Zer zen nobiziotza?
Fraide bizitza ikasten genuen batez ere, eta hartara ohitu. Handik Olitera joan nintzen, Filosofia ikastera. Niri, ikastea, edozein gai gainera, oso erraz egiten zitzaidan, eta hamasei urtekin frantsezez banekien, greko klasikoa ere bai… Filosofia gustuko nuen, eta filosofia arabea aztertu nuen garai hartan, baita Espainiako literatur klasiko osoa ere. Matematikak ere bai.
Eta euskara galtzeko zorian egon zinen.
Gaztelania ere ondo ikasi nuen, eta euskara galdu ez, baina ia bai, zabartu egin nuen ikaragarri, eta etxera itzultzean ikusten nuen hori. Orduan konturatu nintzen gure hizkuntzarik garrantzitsuena amarekin hitz egiteko erabiltzen duguna dela.
Orduan hasi zinen euskaraz idazten?
Oliten urtean behin Gure Izarra aldizkaria argitaratzen genuen Pello Zabala zuzendari zela, eta han idatzi nuen filosofia existentzialistari buruzko Olakoxea naiz izeneko artikuluan begia jarri zuten Arantzazuko Jakin aldizkarikoek. Jakin-en lan egiteko deitu eta Arantzazura itzuli nintzen, hemeretzi urterekin. Hurrengo urtean zuzendari jarri ninduten, Joxe Azurmendiren ordez. Hiru urte egin nituen. Gero Jakin itxi ziguten, eta artikuluak Egan aldizkarira bidaltzen hasi ginen.
«Autoedizioa da. Etxekoentzako liburua, eta lagun zaharrei emateko»
«Nire bizitzan beste gauza inportante bat umorea da. 80 urte ditut baina umorea ez zait gastatu»
Apeztu egin zinen gero.
Bai, 23 urterekin. Baina apeztu baino lehen sermoiak egitera bidaltzen ninduten Lazkaora, eta orduan hizlari bezala hasi nintzen.
Atzerrian ere ibili zinen.
Fribourgora bidali ninduten, Suitzara, eta bi urtetan Teologian lizentziatura atera nuen. Gero Erroman ere izan nintzen bi urtez, Moraleko espezialitatea ikasten. Oporretan beti Alemaniara joaten nintzen, eta hala, garai hartan, frantzesa, italianoa eta alemana ikasi nituen.
Handik bueltan, Arantzazura.
Han irakasle hasi nintzen. Zuzenbidera sarrera eta Morala ematen nuen. Zortzi urte egin nituen, eta beste bi Donostiako Seminarioan. Tarte horretan, sermoilari ibiltzen nintzen euskaraz eta erderaz, gogo jardunak ematen nituen, hitzaldiak han eta hemen, Arantzazuko aldizkariko zuzendari ere izan nintzen 1976an eta 1977an… Azkenean, oso nekatuta nenbilen, eta apaizgoa utzi nuen.
Noiz utzi ziozun apaiz izateari?
1978an. Arantzazu utzi eta Donostiara joan nintzen, eta beste lan batzuekin hasi nintzen.
Zer lan egin zenuen orduan?
Hainbat liburu idatzi nituen euskaraz. Karraspioren abenturak liburuak oso harrera ona izan zuen. Ilusio saltzailea ipuina ere ezaguna egin zen, Hiriko txoria ere bai… Euskara klaseak eman nituen tarte batean, unibertsitatean ere bai. Itzulpenak ere egiten nituen, liburuak, telebistarako filmak… Itzultzaile plaza atera nuen, eta Itzultzaile Eskolaren sorreran parte hartu nuen.
Eta irratian, noiz hasi zinen?
Euskadi Irratian oposizioak atera nituen, eta Joxerra Gartziarekin Sorgin afaria saioa egiten nuen, gauetan. Gero albistegietan ibili nintzen, eta elkarrizketak egiten ere bai, sorta luze bat egin nuen, batez ere, edadeko idazleei. Baina osasunagatik dena utzi behar izan nuen, eta Granadara (Espainia) etorri nintzen. Hemen bizi naiz orain, Mari emaztearekin, zoriontsu.
Baina idazteari ez zenion utzi.
Ez, eta gaur arte. Poesia idatzi dut, batez ere. Saiakera, ere bai. Prentsan artikulu asko idatzi nituen, baina batez ere poemak.
Orain Hondarrak liburua kaleratu duzu.
Hori da nire azken lana. Autoedizioa da. Oso ale gutxi kaleratu ditut, eta bigarren edizioa aterako dugu. Etxekoentzako liburua zen, eta lagun zaharrei emateko.
Zer gai lantzen duzu liburuan?
Lau zatitan banatu dut. Itzalak haztamuka du izena lehenak, eta oso ondo ezagutu nuen Bitoriano Gandiagari eskainita dago, hari zor diodalako bertso sorta hori. Maitetasun gehiegia da bigarrena, eta Mari Karmen Odriozola eta Jon Aizpuruaren Salako leihoa irratsaiorako egindako maitasunezko poemak dira. Hirugarrena, Etsi-etsian da, alegiak edo esperpentoak. Eta azkenik, Legazpin erabiltzen den Aleitzi hitzari eskainitako tartea.
Umorea agertzen da asko.
Nik badut lagun bat, izugarri maite dudana eta izugarrizkoa arazoak sortzen dizkidana, nire burua. Horrez gain, nire bizitzan beste gauza inportante bat umorea da. 80 urte ditut baina umorea ez zait gastatu, eta hitz jokoak egitea asko gustatzen zait.
Zertan ari zara orain?
Sortze lan gutxi egin ditut azken aldian. Orain Arantzazuko egutegiko takoan nago murgilduta, eta Jose Luis Padronekin batera Oteizaren 30 poema itzultzen ari naiz.