Autismoari eskainiko diote hurrengo astea Legazpin
Autismoari buruz familiek duten ikuspegia azalduko dute hitzaldian, astelehenean. Larunbatean txu-txu trena ibiliko da goizez, eta arratsaldez haur parke inklusiboa egongo da Azokan. Udala urdinez argiztatuko dute aste osoan zehar.
Jose Conejo eta Javier Garcia, asteleheneko hitzaldian parte hartuko duten Gautenako Zuzendaritza Batzordeko bi kide. ARGAZKIA: Maialen Igartua Legazpiko Udalak bat egin du apirilaren 2ko Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Egunarekin, eta Autismoaren astea antolatu du, martxoaren 27tik apirilaren 2ra. Autismoaren nahasmendua duten pertsonen senideen Gipuzkoako Gautena elkartearekin lankidetzan, hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunetarako
Autismoari buruz sentsibilizatzea eta herritarrei informazioa helaraztea da helburua, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonen harrera sozialaren garrantzia azpimarratzeko. Jatorri neuro biologikoa duen izaera bat da autismoaren espektroko nahasmendua (AEN), nerbio sistemaren konfigurazioan eta garunaren funtzionamenduan eragiten duena.
Hitzaldia eta festa eguna
Udalak eta Gautenak antolatu duten asteari hasiera emateko, astelehenean, hilak 27an, Autismoa Gipuzkoan. Familien ikuspegia izenburuko hitzaldia izango da Kultur etxean, 18:00etan. Bertan, Patxi Agirrek, Javier Garciak eta Jose Conejo legazpiarrak parte hartuko dute, Gautenako Zuzendaritza Batzordeko kideak dira hirurak. Elkarteko kidea den Maite Sanzek ere parte hartuko du.
Apirilaren 1a, larunbata, festa eguna izango da. Hala, txu-txu tren bat ibiliko da Legazpiko kaleetan, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Trena egokituta dago, bertan gurpil-aulkian dauden bi pertsona igotzeko.
Egun berean, arratsaldean, Azokan, 16:00etatik 20:00etara, jolas inklusiboekin osatutako haur parkea egongo da 17:30etik 20:00etara. Gautena elkarteko postu bat ere egongo da, autismoari buruzko sentsibilizazio materialarekin, eta hainbat produktu saltzen.
Kolore urdina
Bestalde, aste osoan zehar kolore urdinekin egongo da argiztatuta udaletxeko fatxada. Kolore urdinak nahasmendu hori duten pertsonek eta haien senideek egunero bizi dutena adierazten du. Kolore horren berezitasuna da udako egun batean itsasoa bezain distiratsua dela, eta beste batzuetan ilun-iluna, ekaitz gogorra bizi duen itsaso baten antzera. Alegia, autismoa bera bezala.
Autismoari keinu bat egin eta aste osoan urdin koloreko arropa erabiltzera animatzen ditu herritarrak udalak.













