Antzizar kiroldegiko eguzki plakak aurreikuspenak betetzen ari direla dio Beasaingo Udalak
Plakak ipini zituztenetik, azarotik, eraikinak kontsumitu duen energiaren «%15a» sortu du. Errendimendu gorena lortzen denean, «autokontsumoa %31tik gorakoa» izango dela ziurtatu dute.
Udal eraikinen iraunkortasuna, ingurumenaren babesa eta klima aldaketari aurre egiteko aurreikusitako neurriak bultzatzeko helburuarekin, Beasaingo Udal Gobernuak 300 kW-ko autokontsumorako plaka fotovoltaikoen azpiegitura jarri zuen azaroan, Antzizar kiroldegiaren teilatuan. Orduz geroztik, eraikinak kontsumitu duen energiaren «%15a» sortu du. Udalaren aldetik, «aurreikuspenak betetzen ari direla» nabarmendu zuen Leire Artola Beasaingo alkateak, Javier Marques Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) zuzendari teknikoarekin batera -EEEk egin du aurrekontu osoaren %80eko ekarpena-, azpiegituraren errendimenduaren inguruko datuak aurkezteko, herenegun, kiroldegira egin zuten bisitan.
2030 urterako jarritako energia helburuen arabera, hamarkada honen amaierarako erakunde publikoek %35 murriztu beharko dute energia kontsumoa eta iturri berriztagarrietatik lortu beharko dute kontsumitzen duten energiaren %32a.
Beasaingo Udalak ziurtatu du, «helburuak lortzeko bidean» daudela. Datorren sei hilabetekoan, eguzki ordu gehiago izango direnez, «errendimendu gorena» lortuko dela, eta autokontsumoa «%45era iristea» espero dute. Atera dituzten kalkuluen arabera, urte osoa kontuan hartuz, «autokontsumoa %31tik gorakoa izango da».
Datuen jarraipena egin daiteke, igerilekuko gunean dagoen pantaila erraldoiaren bidez.