Aztiritik Peritz eta Alcantarilla igarota, zehaztuta dago Osinaldeko seikoa
Aner Peritz ‘Euzkitze’ izan da garaile Aztiriko bertso sariketan, eta Irati Alcantarillak jaso du entzuleen saria. Osinalde saria apirilaren 15ean da, Lander Arizmendi ordiziarra tartean.
Aztiriko elkartean jokatu zen larunbat gauean Osinalde sariketarako aurretiko kanporaketetan azkenekoa. 2019tik lehen aldiz, Legazpiko Latxartegin bi urteko egonaldia eginda, bete egin zen Aztiri-Bat, 60 entzulerekin. Aner Peritz (Zarautz) Aitor Ugarte (Aramaio), Lurdes Ondaro (Munitibar), Unai Mendiburu (Algorta), Aroa Arrizubieta (Gasteiz) eta Irati Alcantarilla (Urruña) ziren kantuan; aurkezle, Eresti Oiarbide gabiriarra.
Sei bertsolariek hiruna bertso abestu zituzten zortziko nagusian, hiruna zortziko txikian, bina punturi erantzun, hiruna hamarreko txikian, bakarkako lanean bi bertso gehienez hamarreko neurrian, eta amaitzeko, hirunaka koplatan aritu ziren launa kopla osatu arte.
Joxe Arizkorreta, Asier Iriondo eta Nekane Gonzalez epaileek izendatu zituzten Osinalderako biak: Aner Peritz Euzkitze irabazlea, eta Irati Alcantarilla. Entzuleek ere izan zuten gustukoena bozkatzeko aukera, eta Aztiri Bat saria Irati Alcantarillari esleitu zioten. Saria Joxi Agirrek eman zion Aztiri Bat elkartearen izenean.
Saioa «gora-beheratsua» izan zen, «baina sei bertsolariek utzi zituzten ale onak eta bertsoaldi dotoreak entzuteko aukera izan genuen», azaldu dute Aztiri-Bateko kideek. Umoreak ere izan zuen tartea, eta bakarkako lanean sakon jardun ziren, oro har.
Errepikatzaile ugari
Apirilaren 15ean, Osinalde saria ia-ia iazkoaren errepika izango da, kartelari dagokionez. Sei bertsolarietatik lau aurten ere Gabirian ariko dira: Unai Izagirre, Xabat Illarregi, Oihana Arana eta Aner Peritz. Ane Zuazubiskar irabazlea –behin irabaziz gero, ez dute gehiago gonbidatzen– eta Aitor Tatiegi ziren 2022koan beste biak.
Debutariak Irati Alcantarilla eta Lander Arizmendi ordiziarra dira. Afaritarako txartelak salduta daude. 128 afaldar eta entzule gehiagok beteko dute Osinalde.
OSINALDE SARIA
Apirilaren 15ean, Gabiriako Osinalde elkartean. Argi-Berri, Osinberde eta Aztiri sarietatik sailkaturiko bertsolariak:
- Oihana Arana (Eskoriatza)
- Lander Arizmendi (Ordizia)
- Xabat Illarregi (Leitza)
- Unai Izagirre (Azkoitia)
- Aner Peritz ‘Euzkitze’ (Zarautz)
- Irati Alcantarilla (Urruña)