Energian aurrezteko eguzki plakak jarriko dituzte Zelaa kiroldegian
Eguzki plaken instalazioa kiroldegiko hegoaldeko estalkian egingo da. Guztira 76 plaka kokatuko dituzte, 19na plakako lau errenkada osatuz.
Idiazabalgo Udalak jakitera eman duenez, «energia burujabeago baten bidean» udal eraikinak energiaz hornitzeko eguzki plakak jarriko dituzte Zelaa kiroldegiko teilatuan. Herriko hainbat gune aztertu eta gero hartu da plakak kiroldegiko estalkian kokatzeko erabakia. Guztira, 76 panel fotovoltaiko jarriko dituzte. Lanak Tapia instalazio elektrikoak enpresak egingo ditu eta orotara, 32.300,21 euroko aurrekontua izango dute.
Proiektu honi esker, udalak hamar hornidura puntutan ahalik eta autokontsumo tasa handiena lortu nahi du «argindarraren fakturan aurrezkiak lortzeko eta ingurumena zaintzeko energia iturri jasangarriago bat» helburutzat hartuta. Eguzki plaken instalazioa kiroldegiko hegoaldeko estalkian egingo da, «guztira 76 plaka kokatuko dira, 19na plakako lau errenkada osatuz».
Energia udal eraikinetara
Aipatutako eguzki plakek 36 kilowatt-eko potentzia nominala izango dute. Urteko energiaren aurrezkia «%25ekoa» izatea aurreikusi dute, eta argindarraren fakturan «%21» gutxiago ordainduko dutela aurreratu dute. Gainera, urteko isuria «15 tona karbono dioxidotan» murriztuko dela azpimarratu dute udaletik.
Lortutako energia udal eraikinak hornitzera bideratuko da bere osotasunean. «%25 udaletxera, %1 udaletxe zaharrera, %13 Pilarreneara, %30 Aita Iparragirre herri eskolara, %15 haur eskolara eta %16 osasun zentrora». Behin zuinketa akta onartuta, hogei lan eguneko epean hasiko dira lanak. Hilabeteko epean lanak amaituta egongo lirateke. Proiektu haur Idiazabalgo Agenda 2030 programaren baitako helburuen artean dago.