Eva Alvarez izango da Beasaingo PSE-EEren alkategaia hauteskundeetan
Adierazi du «gauzak aldatzea posible» dela, eta PSE-EE dela «Beasainen aldaketarako alternatiba progresista».
Beasaingo udal-talde sozialistaren bozeramaile Eva Alvarez izango da, berriro ere, maiatzaren 28an egingo diren udal-hauteskundeetan, Beasaingo alkatetzarako PSE-EEren hautagaia. Jose Inazio Asensio Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai sozialistaren eta beste alderdikide batzuen babesa ere izan zuen, Beasaingo udaletxean, atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldian.
«Beasainek aldaketa behar duela» uste du Alvarezek: «Guztiontzat gobernatzeko asmoa duen eta herritarrei etengabe entzungo dien udal gobernua behar dugu; eta ez EAJren gehiengo absolutuak baldintzatutako udal gobernu bat».
Orain arteko «ilusioa» eta «indarra» mantentzen ditu, datozen lau urteetan, «Beasain berdinzaleagoa, irisgarriagoa, jasangarriagoa eta berdeagoa» izan dadin.
Adierazi du «gauzak aldatzea posible» dela, eta PSE-EE dela «Beasainen aldaketarako alternatiba progresista». Horregatik, espero du, Beasaingo bizilagunek duela lau urte PSE-EEri emandako konfiantza berritzea eta udalerriaren gobernagarritasunerako «funtsezko eta beharrezko» elementu izatea.