Galdetegian parte hartu duten itsasoarren %86,4 auzo udal izatearen alde azaldu da
Herri batzarra egin dute itsasoarrek asteburuan. Galdetegiaren parte hartzea nabarmendu dute. Hauteskundeak eta Alegiako denda ere izan dituzte aztergai.
Itsasoko Batzordeak deituta, Herri Batzarra egin dute itsasoarrek asteburuan. Herriaren etorkizuna eraikitzerako orduan eragin nabarmena izango duten hiru gai izan dituzte aztergai: Alegiko Sindikatoan kokatuko den denda, Itsasoko auzo udalaren eraketa diseinatzeko partaidetza prozesuaren inguruko azken berriak eta maiatzeko udal hauteskundeei begira hartutako erabakiak.
Alegiko Sindikatoaren eraikina egokitzeko lanak «Aste Santua eta gero» hasiko direla aurreratu du Gorka Sasieta Itsasoko Batzordeko kideak. Itsasoarrek «begi onez» ikusten duten proiektua da eta «presarik ez» dagoen arren, lanak esleituta eta onartuta daude eta «laster» helduko dietela aurreratu dute.
Itsasoko auzo udalaren eraketaren gaia izan zen garrantzitsuenetako bat. Martxoan herritarren artean egindako galdetegitik eratorritako informazioa plazaratu zuen Itsasoko parte hartze prozesua gidatzen ari den Siadeco enpresako Itsaso Osak. Galdetegiaren «parte hartze zabala» nabarmendu du Sasietak, «itsasoarren %79k hartu du parte eta guztira 72 galdetegi erantzun dira» azpimarratu du.
Auzo udal izateko bidean
Galdetegian parte hartu duten herritarren «%86,4 Itsaso auzo udal bezala eratzearen alde» agertu da. Auzo udal bezala etorkizunean heldu beharreko gaien artean, «etxebizitza eskuratzeko beharrak bermatzea edo baserri edo landa eremuko bizitegien etorkizuna ziurtatzea» lehenetsi dituzte. «Ingurune naturalaren zaintza, gizarte zerbitzuak eta laguntza beharrean dauden pertsonen zaintza, biztanleria igotzeko erronka, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak bermatzea edo eskolaren aldeko sustapena» ere aipatu zituzten heldu beharreko erronken artean.
Itsaso Auzo udal izendatzeko beharrezko da Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzen duen foru araua berrikustea. Prozesua martxan da eta «foru arauaren berrikuspena egiteko ponentzia abiatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek», Sasietak gogoratu duenez. Martxoan Gipuzkoako Foru Aldundian izandako azken bileran, «prozesuak luze joko lukeela eta, araua bera aldatu beharrean, arauari xedapen bat gehitzea» proposatu zietela kontatu du Sasietak. Bide horri ekingo diote, eta behin maiatzeko hauteskundeak igaro eta Batzar Nagusi berria eratuta, «ekainetik aurrera izendapena onartzeko moduan» egongo direla esan du.
Itsasoko ordezkaritza
Maiatzeko udal hauteskundeei begira, Itsasoko Batzorde berritua izango dena ere aurkeztu zuten larunbatean. Herritarren bozkak aintzat hartuta Gorka Sasieta, Anttoni Okariz, Maixabel Olanga, Olatz Iza, Asier Sasieta, Kaio Iraeta, Belen Iza, Jexux Gorrotxategi, Kizkitza Oria eta Xabier Elgarresta izango dira kide berriak.
Bestalde, Joseba Telleria Ezkioko alkatearen proposamena aintzat hartuta, «Ezkio Eraikiz talde independientean Itsasoko ordezkari bat egotearen komenigarritasuna» ere bozkatu zen. Aldeko 18 botorekin, Gorka Sasieta Ezkio Eraikizen zerrendan joatea onartu zen herri batzarrean.