'Merkataritzan erasorik ez!' lemapean elkarretaratze jendetsua egin dute Beasainen
Azken erasoa, iragan ostegun arratsaldean izan zen; bikote batek lapurreta egin zuen San Inazio kaleko denda batean eta dendaria jipoitu zuten. Merkatari, ostalari eta herritarren artean ezinegona sortu du gertakariak.
Azken aldian, Beasaingo merkataritza establezimendu desberdinetan izaten ari diren erasoak salatzeko, elkarretaratzea egin dute udaletxeko plazan, Bareak merkataritza elkarteak deituta. Azken erasoa, iragan ostegun arratsaldean izan zen. Bikote batek lapurreta egin zuen San Inazio kaleko denda batean, eta dendaria haien atzetik abiatu zenean jipoitu egin zuten. Eragin zizkioten zauriengatik ospitalera eraman behar izan zuten dendaria.
Gertakari horri erantzun bat emateko helburuarekin, mobilizazioa egiteko deia egin zuen Bareak elkarteak gaurko. Merkataritzan erasorik ez! lemapean egin dute protesta, merkatari, ostalari, udaleko ordezkari eta hamarnaka herritarren babesarekin.