‘Musu eta besarkada magikoak’ ipuina argitaratu du Betzaida Urtazak
Hilaren 12an Ordiziako Artzain Egunean izango da liburuak saltzen, eta bertan jarriko du lan berria lehen aldiz salgai. Uxue haurra eta Nala txakurra dira protagonistak.
Betzaida Urtaza Elizburu (Legorreta, 1988) idazleak aurtengo lehenengo lana kaleratu du: ‘Musu eta besarkada magikoak’ ipuina. ‘Musuak eta besarkadak’ argitaratu zuen 2021eko neguan, urtaroak eta animaliak landuz, eta bigarren zati honekin jarraipena eman dio istorioari, oraingoan, izaki magikoen bidez, musu eta besarkada mota ezberdinak landuz. Bietan Uxue da protagonista, Urtazaren lehengusina. Azken lanean, Uxue handitu egin da, eta Nala txakurra du bidelagun.
Lan ezberdinak dira, eta ez da nahitaezkoa lehena irakurtzea bigarrena barneratzeko. Dena den, idazleak azaldu duenez, aurrenekoa gustukoa izan dutenek azken lan honekin ere gozatuko dute. “Istoriotxo hau nire lehengusinaren eta nire inguruan da, maitasuna bultzatzeko”. Besarkadak eta musuak ematea “behar-beharrezkotzat” jo du, eta hori helarazten duen “liburu oso didaktikoa” ondu du.
Haurrei zuzendutako ipuina da, “10 bat hilabetetik aurrerakoentzat gomendatua”. Irakurtzeaz gain, QR baten bidez ipuina entzuteko aukera ematen du eta musika dauka. Maiuskulaz idatzia dago, eta berritasun gisa, 5 hizkuntzetan argitaratu du: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, portugesez eta frantsesez. Ffion Evans alemaniarrak egin ditu ilustrazioak, alegia, Uxue protagonista duen lehen liburuko ilustratzaile berdinak.
Artzain Egunean, Ordizian
Apirilaren 12an Ordiziako Artzain Eguneko azokan izango da Betzaida Urtaza bere lanak saltzen. Muxika Dorretxearen parean izango du postua. ‘Musu eta besarkada magikoak’ bertan egongo da eskuragarri lehen aldiz, eta maiatzetik aurrera, saltokietan zein www.amesgile.com webgunean. Ordiziako azokaren ondoren, Andaluziara bidaiatuko du, eta bertako hainbat herritako azoketan eta tailerretan ibiliko da maiatzera arte. Aurretik, bihar, ipuin kontaketa saioa izango du Hernanin.