«Tourrak beste izen bat du, baina xarma aldetik, bakarra da Itzulia»
Oso argal dago Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989). Nabari da Itzulia mimoz prestatu duela. Hazi egin ohi da etxeko errepideetan, eta garaipenaren bila ariko da aurten ere. Errespetua die aurkariei; beldurrik ez, ordea. Erlojupeko baten eta mendatean bukatzen den etapa baten falta sumatzen du, eta indarrak oso paretsu ikusten ditu onenen artean: «Eibarko helmugara arte ez dugu jakingo nor den irabazlea».
Asteburuan Miguel Indurain Sari Nagusia irabazi ondoren, nolako aldartez iritsi zara Itzulira?
Pentsa: motibazioz gainezka nago. Banekien ondo nentorrela. Prestaketa ona egin dut Tenerifen [Espainia], eta sasoi betean sentitzen nintzen. Baina hortik lasterketa irabaztera aldea dago, eta bultzada handia da Itzuliaren aurretik halako garaipen bat lortzea.
Aurrez, ez zenbiltzan horren indartsu. Paris-Nizan, adibidez, urrun izan zenituen ohorezko postuak.
Bai, egia esan Paris-Niza beti izan da lasterketa egokia niretzat, baina gauzak ez zitzaizkidan oso ondo atera. Gran Camiñon, Galizian, ondo ikusi nuen neure burua, baina dezentetan erori naiz sasoi hasieran, eta, alde horretatik, ez dut zorte handirik izan. Baina begira, buelta eman diot joera horri, eta gogotsu nago Itzulian nire onena emateko.
Neurria ondo hartua diozu Itzulari: bost aldiz igo zara jada podiumera. Zure lasterketa kutuna da.
Tourrak beste izen bat dauka, baina xarma aldetik, bakarra da Itzulia. Gaztetan ibili ginen errepideetan lehiatzen gara, eta familiak eta lagunek gu zuzenean ikusteko aukera dute. Zaleek oso giro ederra sortzen dute errepide bazterrean, eta aurten ziklismo gose handiagoa izango dute agian, Tourra ere izango dugulako hemen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.