Ganadu larri kopurua gora, ardiena behera
Datorren astelehenean egingo dute Larraizko Zamao atsedenlekuan Aralarko larreak irekitzeko festa. Aurten inoizko ganadu larri kopuru handiena larratuko da Aralarren.
Behi talde bat Larraitzen, mendira igotzeko zain. // Argazkia: Arkaitz Apalategi Datorren astelehenean, maiatzaren 1ean, egingo dute Larraitzen (Abaltzisketa) Aralarko Larreak Irekitzeko Festa, Enirio-Aralar mankomunitateak antolatuta. 10:00etan zabalduko dituzte artisau eta salmenta postuak (ardi eta ahuntz gazta, taloa, sagardoa, orein produktuak, baserriko ogia…). 11:30ean Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa ahizpen kantaldia izango da, eta 12:00etan, larre irekiera ekitaldia egingo dute suziri jaurtiketarekin. 12:30ean, herri kirol erakustaldia izango da: Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia aizkoran, eta Lur Errekondo harriarekin. Bertsotan, Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi ariko dira.
Aurten inoizko ganadu larri kopuru handiena larratuko da Aralarren: 1.040 behi eta 910 behor. Ardien kopurua, aldiz, behera doa. Aurten 16.100 igoko dira –iaz 17.000 pasa ziren–. Oraindik ere ez dago behar adina belar mendian, batez mila metrotik gora. Hortik behera, hainbestean dator, azken egunetako giroak lagunduta.













