Ospitaleko garbitzaileak greba egiten ari dira, hirugarrengoz

Zumarragako ospitaleko garbitzaileek greba egiten ari dira berriro, hirugarrengoz, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen babesarekin. Lehenengoak aste bateko iraupena izan zuen. Otsaila amaieran hasi zuten eta martxoaren 5ean amaitu. Beraien aldarrikapenak aintzat hartu ez zituztela ikusita, berriro greba egin zuten. Oraingoak hiru asteko iraupena izango du. Atzo hasi zuten eta maiatzaren 16an amaituko dute.
 
Atzo manifestazioak egin zituzten eta gaur kontzentrazioa egin dute. Bihar auto karabana egingo dute. 10:00etan abiatuko dira Kalebarreneko aparkalekutik. Asteartean kontzentrazioa eta ibilaldia egingo dituzte, 09:30ean. Asteazkenean bi manifestazio egingo dituzte: 07:30ean eta 14:30ean, Izazpi auzoko farmaziatik abiatuta.

Helburua lortzetik gertu daudela diote. “Negoziazio prozesu honetan azken urteotan bizi izan dugun blokeo egoeraren ondoren, une erabakigarri batera iritsi garela uste dugu. Joan den urtearen amaieran bitartekaritzaren bidea jorratu genuen: Osakidetzak bitartekari bat izendatu zuen, zalantza asko sortzen dituen proposamen labur eta eskasa helaraztera mugatu dena. Gainera, duela bi hilabetetik ez dugu haren berririk, eta, beraz, bitartekaritzaren bidea agortuta dagoela uste dugu. Martxoaren amaieran Eusko Jaurlaritzako Lan sailaren atea jo genuen, eta orain arte sailburuordearekin izandako bi bileren ondoren, elkar ulertzeko aukera bat ireki dela esan dezakegu. Aurrera egiteko borondatea dagoela uste dugu, eta sailburuordetza bideratzaile gisa jokatzen ari da”.

Ate hori borrokari esker ireki dela uste dute. “Argi daukagu aukera berri hau ez zela suertatuko borroka egin izan ez bagenu eta azken aste eta hilabete hauetan egin dugun bezala mobilizatu izan ez bagina. Egindako ahaleginak, greba deialdiekin, egindako mobilizazio ugariekin, eta erakutsitako ausardiak eta kemenak ekarri gaituzte agertoki berri honetara. Ez dakigu zer emango duen bide honek, baina ziur gaude orain dela garaia gure onena emateko, enpresen eta Osakidetzako zuzendaritzaren borondatea baldintzatu eta makurrarazteko. Hurrengo asteak erabakigarriak izango dira eta oraingo eta etorkizuneko lan baldintzak jokoan egongo dira. Zehazki, homologazio printzipioa eta horrek dakarren guztia: Osakidetzak etorkizunean deituko dituen garapen profesionaleko deialdietara sartzeko aukera, aurreko deialdietatik sortutako atzerapenak kobratzea, Osakidetzako langileei aplikatzekoak zaizkien gai guztiak aplikatzea eta egokitzea”.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa