Ataunen gozatzeko hiru ibilaldi

Jentilen Bideetatik iraupen luzeko bi ibilaldi eta lehen aldiz labur bat egingo dituzte, igandean. Ehunka ibiltarik parte hartuko dute ibilketa neurtuan. Helburua, gozatzea.

Jentilen Bideetatik iraupen luzeko ibilaldiaren 9. ekitaldia, 2017an, Ataungo gainetan. // Argazkia: Christophe Haristoi

Lehiaketaren grinak mendi gainetaraino iritsi diren garaiotan, Ataunen betiko mendizaletasunari gordeko diote igandea. XI. Jentilen Bideetatik iraupen luzeko ibilaldiak antolatu ditu Ataun Kirol Elkarteak. Ataungo udal barrutia inguratuko duen ibilbide luzea (48 km), tarteko ibilbidea (21 km) eta lehenbiziko aldiz, berritasun modura, motza (8 km) prestatu dituzte.

Ataun San Martingo Auzoeta kiroldegia izango dute guztiek ere abiapuntu eta helmuga. Igandean 400 edo 500 lagun espero dituzte antolatzaileek, guztira. Izena Zirkuitua.com webgunean eman liteke aurrez, 10 euro ordainduta (motza doan da). Gaur itxiko dute horko aukera, baina egunean bertan ere ez diete muzinik egingo Ataungo parajeetan ibiltzeko asmoz joaten diren parte-hartzaileei.

«Oraindik ez dakigu kopuru zehatza. Zenbait tokitan aurretik ixten dute izen-ematea. Guk, azken unera arte utziko dugu, eta bertan ere apunta liteke», azaldu du antolatzaile taldeko Jexux Goikoetxeak. Antolakuntzan, bestetik, 80 bat lagun ibiliko dira. «Oraindik jendeak onartzen eta laguntzen du, eta auzolan espirituari eusten zaio. Hori garrantzitsua da, bestela ez daukagulako zereginik».

Oinez ibili, inguruaz gozatu
Hasierako balioei eusten diete ibilaldiek. Bat, Ataungo balio natural, paisajistiko eta kultural amaigabeak erakustea. Bestea, mendiarekin disfrutatzea. Ez lehiarik, ez presarik.

«Gure nahia jendea naturan lasai ibiltzea da, gozatzea; ez erlojuaren menpe eta korrika. Ataunek aukera asko ematen ditu, oso anitza baita».

IBILBIDEAK

LUZEA
Luzera. 48 km.
Desnibela. 2.243 metro positibo.
Irteera ordua. 06:30ean.
Iraupena. 9-11 ordu bitartean.
Kontrolak-anoak. Hiru.
Izena. Zirkuitua.com, 10 euro. Edo irten aurreko ordubetean.
Ibilbidea. Auzoeta, Irumugata, Atxurbide, Aietsu, Areatza, Intsusburu, Lizarrusti, Alleko, Lareo, Muñoaundi, Intsusti, Kobaegi, Amundarain, S.Martin.

TARTEKOA
Luzera. 21 km.
Desnibela. 833 metro positibo.
Irteera ordua. 08:00etan.
Iraupena. 4,5-5 ordu.
Kontrolak-anoak. Bi.
Izena. Zirkuitua.com, 10 euro.
Ibilbidea. Auzoeta, S.Gregorio, Urkillaga, Muñoaundi, Intsusti, Kobaegi, Amundarain, S.Martin.

MOTZA
Luzera. 8 km
Irteera ordua. 09:00etan
Iraupena. 2 ordu.
Ibilbidea. San Gregoriora itzulia

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa