Emakumeen partaidetza hazten
IX. Kilometro Bertikalak emango dio etzi arratsaldean hasiera Zegama-Aizkorriko asteburuari. Igandean dira beste bi lasterketak: 22. mendi maratoia eta XII. junior traila. Faborito argirik gabe, inoiz baino irekiagoa dago aurtengo maratoia.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiko irteera, iaz, tartean Oihana Kortazara elgetarra (21. zkia) eta Nienke Brinkman herbereetarra (24.zkia). // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga Ez da aparteko berritasunik aurtengo Zegama-Aizkorri asteburuari begira, baina bai datu bat: inoizko emakume kopururik handiena izango duela maratoiak (76), kopurua osoaren %15. Eta proba luzean ez ezik, gauza bera gertatzen ari da beste bietan ere. Kilometro Bertikaleko partaideen %20 emakumezkoa izango da, eta junior trailean hamar puntu gehiago, %30.
«Beti egon da gure erronken artean. Kilometro Bertikaletan-eta ohikoagoa da emakume gehiagok parte hartzea, baina iraupen luzekoetan gehiago kostatzen da. Pozgarria da maratoian emakumeen presentzia hazten ari dela ikustea», nabarmendu du Maialen Arizkorretak, Zegama-Aizkorriko komunikazio taldeko kideak.
Maialen Arizkorreta. Zegama-Aizkorriko komunikazio taldeko kidea
«Pozgarria da mendi maratoian inoiz baino emakume gehiago lehiatuko dela ikustea»
Eta ingurumenarena da beste erronka, plastikoaren erabilera murrizteari lotuta batez ere. Iaztik korrikalari guztiek beraien edalontzia eraman behar dute lasterketan, eta anoa-guneetan plastiko gogorreko basoak erabiltzearen aldeko apustua egin dute antolatzaileek, erabilera bakarrekoak saihestuz. Seinalizazioan ere ahalik eta plastiko gutxien erabiltzen saiatzen dira.
Asteburu bete-betea
2020ko eta 2021eko «eten ez erabatekoaren ondotik», iaz bezalaxe, ohiko moldeko mendi lasterketekin gozatzeko asteburua du aurretik Zegamak. Etzi hasiko da mendiaren eta korrikalarien festa handia, Kilometro Bertikalaren IX. edizioarekin, eta igandean izango du jarraipena, 22. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta XII. Junior trail proba jokatuko baitira. Tartean, larunbatean, Top 10aren aurkezpena eta lasterketaren briefing-a izango da eskolako patioan (17:30).
Salomonen Golden Trail Serieetako lehen proba izango da mendi maratoia, eta Trail running-aren elitea elkartuko du beste behin ere. Bi hutsune nabarmen izango ditu, ordea, aurten probak. Iazko bi irabazleak eta probaren errekorraren jabe diren Kilian Jornet kataluniarra –hamar aldiz txapeldun– eta Nienke Brinkman herbereetarra ez dira Zegaman izango, ezta Davide Magnini italiarra ere, mutiletako bigarren sailkatua. Emakumezkoetan baja gehiago ere badira: Ida Nilsson suediarra –2018ko irabazlea– eta Eleanor Davis britaniarra –Calomorron bero kolpea–, besteak beste.
Gainontzean, Sky Running zirkuituko mendi korrikalari onenak elkartuko dira. Faborito argirik gabe, inoiz baino irekiagoa dago aurtengo maratoia.
HAUTAGAI NAGUSIAK
GIZONEZKOAK
Nazioartekoak. Jonathan Albon (Norvegia), Remi Bonnet (Suitza), Manuel Merillas (Espainia), Bart Przedwojewski (Polonia), Petter Engdhal (Norvegia), Cristian Minoggio (Italia), Elhousine Elazzaoui (Suitza), Thibaut Baronian (Frantzia), Ruy Ueda (Japonia), Robert Pkemoi (Kenia)…
Euskal herritarrak. Aritz Egea (Urretxu), Asier Larruzea (Gueñes), Beñat Katarain (Zegama), Iñaki Olano (Altzo), Aitor Zunzunegi (Legorreta)..
EMAKUMEZKOAK
Nazioartekoak. Blandine L’hirondel (Frantzia), Maio Yao (Txina), Azara Garcia de los Salmones (Espainia), Marcela Vasinova (Txekia), Caitlin Fielder (Zeelanda Berria), Nuria Gil (Katalunia), Fabiola Conti (Italia), Eli Anne Dvergsdal (Norvegia)…
Euskal herritarrak. Oihana Kortazar (Elgeta-Mutriku), Oihana Azkorbebeitia (Abadiño), Naiara Irigoien (Burlata)…













