‘Lazkao maitea’, ereserki bat herriari

Lazkaoko herriari eskainitako abesti bat konposatu dute. Kantaka abesbatzak apirilaren 30ean abestu zuen, lehen aldiz. Musika Javier Alberdi zuzendariak sortu du, eta hitzak Gorka Alonso lazkaotarrak.

Javier Alberdi eta Gorka Alonso, 'Lazkao maitea' ereserkiaren konposatzaileak.

Lehen ere bazuen Lazkaok martxa bat, Javier Muruamendiarazek bere garaian sortutakoa. Orain, ereserkia ere badu. Kantaka abesbatzaren zuzendari Javier Alberdik eta Gorka Alonso irakasle lazkaotarrak egin du abesti berria. Lazkao maitea du izenburua, eta Kantakak apirilaren 30ean estreinatu zuen, San Migel elizan.

Oinarria Alonsok idatzitako olerki bat da, eta hitz horiei jarri die musika Alberdik, konposizio erabat berria sortuta. «Olerkiarekin herriari eskaintzeko abesti bat egin nahi genuen. Horretan hasi, eta ereserki labur bat atera da, lau ahotsera abesteko», azaldu du Alberdi zuzendariak.

Testua luzeagoa den arren, hiru ahapaldi sartu ditu Lazkao maitea ereserkian. «Estrofa bat hiru aldiz errepikatzen da, eta beste bi desberdin ere aukeratu ditut. Zati batentzat zortziko erritmoa erabili dut, eta besteentzat 2/4 erritmoa».

Euskal folklorearen airean
Lazkaorentzat izanda, nortasun herrikoia eta euskal folklorearen ukitua eman nahi izan dio musikarekin. «Geure melodia modura errekonozitzea nahi nuen, doinu herrikoi bezala».

Lazkao maitea-ren musika, Alberdik konposatu duen lehenengo pieza izan da, gainera. «Sekula idatzi gabea nintzen. Animatu naiz, eta zerbait konposatu nahiaren arantza atera dut. Orain, baliteke beste zerbait konposatzen jarraitzea».

Konposatzailearen figura zaila dela aitortu du. «Konplikatua da, eta satisfazio gutxi ematen du: bakarrik aritu behar duzu lanean, eta paper zuriaren aurrean jartzea gogorra da. Norbere testutik abiatzea beti da errazago, baina norbaiten testuaren gainean musikatzeak zailtzen du»

«Bihotzeko txoko kuttuna»
Gorka Alonso lazkaotarrak aspaldi idatzi zuen Lazkao maitea olerkia. Lehen Hezkuntzako irakaslea da lanbidez. Inguru berdeari eta herriaren kultur taupada ugariri egiten die keinua, nostalgia eta barne sentimendu oldea iradokitzen duten hitzekin.

Errepikak honela dio: «Lazkao maitea / bihotzeko txoko kuttuna / ta oroitzapenen sehaska eztitsua». Lehen ahapaldia: «Mendi berde eta haranen babesean / KANTAKA, saltoka, solasean /Suaren oihartzuna zainetan». Bigarren ahapaldia: «Gure esku leunetatik dariote / ur tanta argitsuen moduan / haurtzaroko gogoeta magikoak».

Jaietako kuadrillen egunean izan zen estreinaldia, eguerdian elizan. Orduan lortu ezin izan zena, publiko gehiagorengana iristea, beste emanaldi batekin egiteko asmoa badu Kantakak. Ekainean kontzertu bat antolatzekotan ari dira, eta orduan izango da berriro Lazkao maitea ereserkia entzuteko aukera.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa