Goierriko sei pilota talde Herriartekoan lehiatzen bihar-etzitan hasiko dira
Eskuz, Zumarraga-Ataun derbia jokatuko dute bihar. Zaldibia eta Idiazabal ere norbere herrian hasiko dira. Palan, Ordiziak arerio gogorra du, Donostia. Paletan, Zumarraga Oiartzunera.
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketaren aurrekanporaketa lehengo hamabostaldian izan bazen ere, benetako abiera bihar izango du lehiaketak. Eskuz, palaz, paleta gomaz eta zestaz lehian sartuko dira taldeak. Goierrik sei talde izango ditu ordezkari, zestan ez beste modalitate guztietan.
Eskuak bereganatu du atzera partaidetza oparoena Goierrin, urte batzuk makalago joan ondoren. Hasteko, final zortzirenetako joanekoan, Zumarraga-Ataun derbiak irekiko du pilota-oturuntza, bihar iluntzean.
Ataun eta Zumarraga, elkarren aurka
2016an atera zuen azkeneko aldiz taldea Zumarragak, eta lehorraldia gaindituta itzuliko da. Mikel Damian eta Eneko Garcia kadeteak, Julen Armaolea eta Oier Plazaola gazteak, eta Josu Viana eta Ander Quina seniorrak daude taldean.
Ataunek bederatzi pilotariko talde sendoa osatu du, Beñat Senar eta Beñat Zubizarreta senior trebatuen bermearekin. Mikel Alzua, Niko Contreras, Iker Dorronsoro, Jon Erauskin, Josu Etxeberria, Aitor Kerejeta eta Martin Kerejeta ariko dira kadeteen eta gazteen mailetan. Teknikari prestatzaileak Iñigo Alzua, Iraitz Zubizarreta, Josu Munduate eta Eneko Imaz dira.
Zaldibia eta Idiazabal
Zaldibiak bihar du estreinako jardunaldia, eskuan. Oiartzun hartuko du –2022ko txapelduna–, iaz bezalaxe. Hamar pilotariko taldea osatu du Gaztelupe klubak Aratz Aranburu, Aetz Lopez eta Lide Lopez kadeteak; Josu Mendizabal eta Jokin Mendizabal gazteak; eta Alex Sukia, Aitor Elizegi, Jon Mendizabal, Iñigo Mendizabal eta Enaitz Etxeberria nagusien mailarako.
Idiazabalen, berriz, larunbaterako antolatu du Herriarteko debuterako jaialdia. Andoainekin neurtuko ditu indarrak. Markel Imaz, Ugutz Lasa eta Aritz Mintegi kadeteak; Unax Aldasoro eta Iker Garcia gazteak; eta Ibon Loidi eta Jon Mendizabal nagusiak prest daude lehiarako.
Ordizia-Donostia, palan
Palari dagokionez, Ordizia da ordezkari bakarra aurten, Olaberriak azken orduan huts eginda. GRABNIn paleta larruz bi finalak galdu zituzten ordiziarrek lehengo asteburuan, eta ez zaio plater goxoagoa egokitu Herriarteko final-laurdenetan, hasteko: Donostia indartsua, Ibargarai profesional ohiarekin gogortua.
Maila txukuna emanez hasi nahi du Ordiziak. Aratz Elortza, Aitor Gonzalez, Mikel Samaniego, Aitor Luzuriaga, Zuhaitz Letamendia eta Aitor Otegi pilotariek osatuko dute taldea.
Herriarteko senide gazteenean, azkenik, paleta gomaz Zumarragak fin atera du taldea, aurten ere. Mikel Rodriguez, Mikel Egiburu, Alberto Garcia de Albeniz eta Beñat Agirre ariko dira, hiru joko motatan. Final zortzirenetako kanporaketa Oiartzunen hasiko dute, bihar.
KARTELDEGIA
Herriartekoa. eskua
Zaldibia-Oiartzun. Bihar ostirala, 18:00etan, Restin.
Zumarraga-Ataun. Bihar ostirala, 19:00etan, Belokin.
Idiazabal-Andoain. Etzi larunbata, 19:00etan, Igarondon.
Pala eta Paleta goma
Ordizia-Donostia. Bihar ostirala, 19:30ean, Beti Alain.
Oiartzun-Zumarraga. Bihar ostirala, 18:00etan, Madalensoron (Oiartzun).