Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia egin dute
Urretxu eta Zumarragako EH Bilduk udal hauteskundeetako kanpainako ekitaldi nagusia egin du Areizaga-Kalebarren plazan. Bertan, Urretxuko alkategaia den Jon Altolagirre eta Zumarragako alkategaia den Aritz Elgarrestak bi herriotarako dituzten proposamenen berri eman dute. Bi alkategaiez gain, Mertxe Aizpurua ere bertan izan da. Aizpurua EH Bilduren talde parlamentarioko bozeramailea da Madrilgo Kongresuan.
Altolagirrek eta Elgarrestak solasaldia egin dute. Bi alkategaien arteko solasaldia, argazkien ondoren.
Jon: Mundua hankaz gora dagoela errepikatzen digute, eta politikak ez duela ezertarako balio sinetsarazi nahi digute; baina politika da merkatuaren aurrean gure buruak defendatzeko dugun tresna garrantzitsu bat, gure bizitzak antolatzeko erreminta indartsu bat, herri aske eta burujabe bat izateko, amesten dugun euskal errepublika eraikitzeko baliabide bat; eliteen interesak geldiarazteko herritar xumeok dugun bitarteko nagusia; beste mundu bat posible da eta dena aldatzeko, politika ere behar dugu; horregatik ez diegu utziko politika ere kentzen; ahal dugun instituzio guztietan egon behar dugu eta boterea eskuratu, herritarron alde erabiltzeko. Gure ura berreskuratzeko, zerbitzu sozialak indartzeko, erraustegia geldiarazteko, zaintza eredu eraldatzaileak ezartzeko, PACa berreskuratzeko, osasun sistema publikoa defendatzeko, bizitza duinak izateko eta gure seme-alaba eta gazteei maite dugun herria uzteko. Beraz, Urretxu eta Zumarragako udaletxean ere egotea garrantzitsua dela iritzita, Euskal Herrian ari garen dozenaka, ehunka hautetsien auzolan horretara batzeari baiezkoa eman diogu. Horrelakoetan beti sortzen dira zalantzak eta beldurrak, baina uste dugu EH Bilduren udalgintza proiektuari ekarpena egin ahal izatea ohore bat dela gaur egun.
Aritz: Urretxun eta Zumarragan dugun errealitate instituzionala aldatzea ezinbestekoa dugu. Politika egiteko moduak goitik behera irauli eta elkarlanean oinarritutako udal poltika berri bat ezinbestekoa dugu. Pandemian ikusi eta pairatu genuen irudi beltz eta ilun hura (zubiak itxita, elkarlan eta komunikazio eza) atzean utzi eta lidergo berriak behar dituzte bi herriok. Zumarraga eta Urretxuko herritarrak auzolanean aritzen gara eta auzolanean jardungo duten udalak behar ditugu. Elkarri bizkarra ematen aritzeak kalteak baino ez ditu ekartzen, ongizatea murriztu, sare komunitarioa ahuldu eta kostu ekonomikoak handitzen dituelako.
Esan bezala, mugimendu baten parte sentitzeak segurtasuna ematen du, eta baita ekipo edo lantalde indartsu eta prestatua atzean izateak ere. Eta ekipo honetako asko hemen zaudetela aprobetxatuz, igo zaitezte, mesedez Julen, Josu, Ainhoa, Amaia, Nekane, Irati, Belen, Ritxi, Nerea eta Idoia
J- Kaixo Aritz,zer moduz? Gaur giro ederra zegoen Aniztasun jaian. Gure bi herrietara etorritako bizilagunek festa galanta antolatu dute. Ez dakit bertaratzerik izan duzun.
A- Kaixo Jon! Giro bikaina bai. Pozgarria da horrelako jaiak antolatzea elkar ezagutu dezagun eta aurreiritziak ezabatu ditzagun. Pena ordea, Urretxuren ekimenez bakarrik antolatua egotea, bere garaian EH Bilduk martxan jarritako ekimena. Nola izango gara harrera herria elkarlanean oinarri oinarrizko ekimenak antolatzeko gai ez bagara?
Eta hau ez da kritika huts bat. Gure jardunean erakutsi dugu beti kritika bakoitza era eraikitzailean amaitu dugula. Lau urte hauetan erakutsi dugu gertutasunez eta zorroztasunez lan egiten dugula. Entzuten, arazoei elkarrekin erantzunez, herriko dinamika komunitario aberatsa indartuz, eragileak eta herritarrak udalaren partaide eginez. Lan egiteko eredu hau eramango dugu udalera.
Aniztasunaz aritu gara, baina zaintza eta osasun zerbitzuez ere jardun gintezke, ezta?
J- Hor ere badugu zer hobetu. Gure gizarte zerbitzuek elkarrekin lan egin behar dute. Zerbitzu eta baliabide berdinak izan behar dituzte herritarrek. Ez du zentzurik, ikastetxe bereko bi umek, behar berdinak dituztenak, aukera eta babes desberdinak izatea. Edo etxez-etxeko bi arreta zerbitzu izateak… Are gehiago, gure bi herriotako umeek Gipuzkoako zaurgarritasun tasarik handienetakoa dutenean. Horretarako, osasun komunitarioko estrategia bat jarriko dugu martxan eta Osasun Etxea proiektua gauzatuko dugu geltoki zaharrean. Auzoaren topagune bilakatuko da egoitza baita ere.
EAJ eta PSE-EEk osasun sistema pribatizatu eta desegiteko daramaten bide honetan, badugu hemen duintasun eta itxaropen izpi bat behintzat. PAC 24/7 plataformaren lan nekaezina goraipatu eta aitortu nahiko nuke hemendik.
Eta non uste duzu aparkatu duela Mertxek? Gune gorrian, txuri gorrian, urdinean, urdin-gorrian? Hau ulertzea gida baimena ateratzea baino zailagoa da!
A- Ez da erreza ulertzen, ez. Herri gune bat osatzen dugula kontuan harturik, mugikortasun plan integral eta bateratua proposatzen dugu. Adifeko lurren lagapena baliatu nahi dugu lur horretan disuasio aparkaleku handi bat eraikitzeko. Horrez gain, bi herrietako auzo guztietara iritsiko den autobus elektrikoa jarriko dugu martxan, MUGIn integratua eta eskola ordutegiarekin bat datorrena. Azkenik, TAO sistema egoiliarrentzako ordutegi eta arau berberekin, herritar eta merkatariekin adostua egon beharra dagoela uste dugu.
Eta hau ez bada ulertzen erreza, zer esanik ez kirol eskaintzarena, ezta?
J- Gure bi herri hauetako beste bitxikeria bat da, bai. Kirol eskaintza eta azpiegitura bateratu eta potente bat izan ordez, herri bakoitza besteari bizkarra emanda bizi da. Bi herrietako erabiltzaileek bi herrietako kiroldegietako azpiegitura zein ikastaro oro modu berean erabiltzeko aukera baliatuko dugu. Eskaintza eta baliabide osagarriak diseinatuko ditugu elkarlanean. Egiturazko aldaketa izan dadin, kirol patronatua osatuko dugu. Elkarteek eta herritarrek osatutako aholku mahaia izango dugu baita ere. Hartuko diren erabakiak, era adostu eta parte hartzailean hartu daitezen. Bestetik, kultur eskaintza auzoetara iristea, sorkuntza egiturak handitzea eta azpiegitura kulturalen kudeaketa partekatuaren alde egingo dugu baita ere.
A- Badakizu zerk arduratzen nauen baita ere? Kalean dugun euskararen erabilera baxuak… Hizkuntza politika ausartak egiteko garaia da eta horretarako egiturak sendotuko ditugu. Euskararen Aholku Batzordea berriro martxan jarriko dugu. Aisialdia eta kultur sorkuntza euskararen arnasgune bilakatuko dugu eta euskara ikastea doakoa izango da.
Aurrera begira, Urretxun ze erronka dituzue?
J-Argi dugu Urretxuk hobetzeko tarte handia duela:
Herritarren guztien ongizatea bermatu eta Urretxun bertan bizi proiektuak gauzatzeko aukerak sortuko ditugu, herrian lan eta bizitzeko aukerak biderkatuko ditugu.
Eta beti egin izan dugun moduan egingo dugu, herritarrekin eta herritarrentzat.
-Aldiri2, kirol munduko eragile eta norbanakoekin elkarlanean eraikiko dugu.
-Zaintza udal politikaren erdugunean jarriko dugu: proiektu berritzaileak martxan jarriz, etxez etxeko zerbitzua zabalduz, belaunaldien arteko etxebizitzak eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako sistema baten bitartez.
-Pagoeta gunea: kultur politika artikulatuko duen topagunea bihurtuko dugu, kultur eragileen beharrak kontuan izanik.
-Urretxun merkataritzak izan duen gainbehera kontuan izanda, eguneroko erosketak herriko komertzioarekin osatzeko plana jarriko dugu martxan.
-Balio erantsi gutxiko proiektuak alboratu eta industria aurreratuaren aldeko apustua egingo dugu.
-Uraren zerbitzua demokratizaztuko dugu, herritarren fakturak merkatu eta zerbitzua hobetuz.
Harro gaude garenaz, harro gaude Urretxuko EH Bilduko komunitateko kideak izateaz; eta harrokeriarik gabe baina harrotasun osoz diogu harro gaudela egin dugunaz:
Batzuek kanpaina lokaztu nahi duten honetan, guk proiektuekin erantzungo diegu:
-Pagoeta errealitatea da egun pasionistekin negoziatu genuelako; Gurutze auozko promozioa jarri genuen martxan; auzo bilerak modu sistematikoan guk jarri genituen martxan; Auzobusa martxan jarri ginenak izan ginen; Aniztasun Mahaia jarri genuen martxan; estrategia soziosanitarioa lideratu genuen; Bertatik Bertara proiektua jarri genuen martxan.
Eta adibide gehiago ere badaude, zerrenda luzeagoa da.
Eta zuen erronka nagusiak zeintzuk dira?
A- Arcelorren lursailen inguruan hartzen ditugun erabakiek gure etorkizuna baldintzatuko dute hurrengo hamarkadetan. Bertan erraustegi bat ezartzea akats sanitario, ekologiko eta estrategikoa dela iruditzen zaigu. Osasun akatsa, etxebizitzetatik horren gertu horrelako azpiegitura bat ezartzea logika guztiaren aurka doalako. Akats ekologikoa, plastikoa berriz erregai bezela erabiltzea ez delako ekonomia zirkularra eta berotegi efektuko gasak isurtzen dituelako. Eta akats estrategiko larria. Oso larria. Gipuzkoan industria lurzoru erabilgarri gutxi dago eta enpresen hazkunde beharrak handiak dira, talde kooperatibo batekin izan dugun hartu emanetan konfirmatu diguten bezela. Lankidetza ezinbestekoa izango da mankomunitatea osatzen dugun eragileen artean. Aukera errealak ditugu garbia, osasuntsua eta gizartearekin konprometitua den industria erakartzeko. Bestalde, herriko aberastasunaren banaketarekin eta justizia sozialarekin konprometituak gaude. Ez da posible diru sarerra gutxi izateagatik seme-alaba musika eskolara eraman gabe geratzea edo estatuko urik garestiena ordaintzea. Udal-zerbitzuak bonifikatuko ditugu eta uraren tasak murriztuko. Uraren lizitazio prozesua errekurrituta dago eta hauteskunde ostean ebatziko denez, hauteskunde hauetan aukeratuko dugu etorkizuneko eredua. Mertzedariekin egon gara eta hitz egiten jarraitzeko prestutasuna erakutsi digute. Horma eraitsi eta herritarren eskura jarriko dugu ingurua eta bizitza osoko zaintzarako etxebizitzak ezarriko ditugu bertan. Etxeen irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko, birgaitze egitasmo handi bat abiatuko dugu. Etxeen balioa igoko da eta energia kontsumoa murriztuko. Arcelor Artiz auzoarekin lotzen den eremuan Urretxurekin osagarria den kiroldegi berri bat eta Herri Arte Eskola ezarriko ditugu. Gazteek bizitza proiektuak modu duinean eraikitzeko duten eskubidea bermatzeko egiturazko aldaketak egingo ditugu.
Zumarraga eta Urretxu maite ditugulako. Gure lagunak maite ditugulako.
Gure kuadrilla maite dugulako
Gure familia maite dugulako.
Gure seme-alaba, gazte, guraso… Urretxu eta Zumarragarentzat etorkizun berri eta eraldatzeilea nahi dugulako.
Herritik eta herrigintzatik gatozelako. Zume berriekin josiko dugulako etorkizuna. Gehiagorentzat lan egiteko, gehiago izan behar dugulako. Eta aste bat dugu lan hau burutzeko. Zuen eta gure esku dago. Azken esfortzu bat eskatzen dizuet familian, lagunartean, lanean, elkartean, kirol taldean… aldaketa posible dela eta etorriko dela zabaltzeko.
Gora Urretxu eta Gora Zumarraga!!