"Errekor historikoa" lortu dute udal hauteskundeetan Legazpiko sozialistek. Bi zinegotzi izango dituzte hurrengo legegintzaldian.
PSE-EEren babesa % 12,9tik % 17,6ra igo da Legazpin, 728 boto lortuta, eta Oscar Valbuena sozialisten zerrenda buruak adierazi duenez, “errekor historikoa” lortu dute udal hauteskundeetan. “Bi zinegotzira igo gara eta hiru lortzetik gertu egon gara. 2019. urtearekin alderatuta, 100 boto gehiago lortu ditugu abstentzioaren hazkundean eta egoera zailean, EAJk eta EH Bilduk botoak galdu baitituzte Legazpin, 665 eta 172 boto, hurrenez hurren”. 2019ko hauteskundeetan 624 lortu zituzten sozialistek.
Valbuenak aipatu duenez, “asko eskertzen dugu legazpiarren babesa”. Bestetik, osatu duten taldeaz eta egin duten kanpainaz “oso harro” daudela adierazi du, “izan ere, herritarren beharrei irtenbideak ematea izan dugu helburu”.