Irristalarien ikuskizuna Zaldibian
Goi mailako patinaje ikuskizuna eta lasterketak egingo dituzte bihar Zaldibiako kalean. Umeen ikastaroa bukatzeko II. Patin Topaketa antolatu dute. Tolosako klubekoek borobilduko dute.
Zaldibiako haurrak, ikasturte honetan garatu duten patin ikastaroan. Zaldibian bukatu da ikasturte osoa iraun duen haurrentzako patin ikastaroa. Asteartero, ordubetez, 50 bat neska-mutiko ibili dira patinatzen ikasten, Aitor Vacas gasteiztarra eta Unai Matxain erakusle dituztela. Kurtsoa borobiltzeko eta ikasitako abileziak jendaurrean erakusteko, II. Patin Topaketa antolatu dute.
Bihar 17:30ean hasiko da, plazan. Haurrentzat eta gaztetxoentzat abilezia zirkuitua jarrikodute, ariketa eta proba desberdinekin. 19:00etan, Zaldibiako herrigunean barrena patinekin zeharkalditxo bat egingo dute. Azkenik, goi mailako patinatzaile profesionalen lasterketa izango da, 19:30ean hasita. Lehenbiziko aldia da halako ekitaldi bat Zaldibian egingo dena.
Kaleko zirkuituan biraka
Tolosako Eraldatuz Euskal Irristaketa Taldeko zortzi-hamar bat irristalarik emango dute ikuskizuna. Aitor Vacas bera partaide izango da, Zaldibian eta beste hainbat herritan klaseak ematen aritzen dena. Behobia-Donostia hiru aldiz irabazia da, eta Espainiako Txapelketako maratoi proban 7. postua lortu du berriki.
Profesionalak, gazteak eta haur batzuk ere irtengo dira lasterketan. Ximon Villalobos, Unai Perea, David Gonzalo, Aitor Vacas edota Julen Urkixar dira batzuk.
Santa Fe eta Artxanberri kaleek osatzen duten eraztunean itxiko dute karrerarako zirkuitua, 600 metro luzekoa. Han 10-11 itzuli egingo dituzte patinatzaile profesionalek. Proban laguntzaile diren udala, Guraso Elkartea, Ampo, GOIERRIKO HITZA eta Eraldatuz taldea eskertu dituzte antolatzaile zaldibiarrek.
Irristaketan, kirol aukera ugaltzeko ikastaro eskaintza
Umeena bukatu orduko, helduen patin ikastaroa hasiko da, Zaldibian. Ekaineko lau asteazkenetan emango dituzte klaseak, hilaren 7an hasita. Resti pilotalekuan, 18:30etik 19:30era bitatean ariko dira.
Irakasleak Aitor Vacas eta Unai Matxain izango dira. Izena kultur etxean edo zaldibia.org webgunean eman behar da. Ordaindu beharrekoa 15 euro da, lehen klasean.
Patin zaletasuna bideratu, eta herrian taldea sortzea dira ekimenaren xedeak. Izena eta logotipoa badituzte: Irristaka Zaldibiako patinaje taldea.
Haurren ikastaroa doan eman dute, ez da kuotarik ordaindu beharrik izan. Ekitaldiak antolatuz finantzatu dute, eta horrek ahalbidetu du publiko eta hartzaile gehiagorengana iristeko modua. Patinajea herritarren arteko topagune bat izatea da helburua.












