Afizionatuen mailako pilotari onenak bilduko ditu Idiazabalgo txapelketak
Idiazabalgo Pilota Txapelketari hasiera emango diote ostegun honetan, Igarondo pilotalekuan. Afizionatu mailan, gaur gaurkoz jokatzen duten «pilotari onenak» bilduko ditu txapelketak, antolatzaileek aurreratu dutenez. Guztira, 32 pilotari arituko dira eta finala uztailaren 28an jokatuko da.
Profesionaletan aritutako pilotariak, munduko eta Espainia mailako txapeldunak eta promesa gazteak izango dira aurten Idiazabalgo pilota txapelketan. Afizionatu mailako «pilota onena ikusteko aukera paregabea» dela azpimarratu dute. Ekainean zehar final zortzirenak jokatuko dituzte, lau jaialditan banatuta eta jaialdi bakoitzeko bi partidarekin.
Maila handiko pilotariak
Binakako txapelketa izango da. Bikoteak «esperientzia handiko pilotariek eta promesa gazteek» osatutakoak izango dira. Ostegunean, Canabal-Garcia, Labaka-Gabirondo eta Azketa-Peñalver, Elola-Landa izango dira Igarondon, 19:00etatik aurrera. Final zortzirenetako hurrengo hitzorduak ekainaren 15, 22, eta 28an izango dira.
Ekainaren 27an eta uztailaren 14an jokatuko dituzte final laurdenak, aurreko partidetatik sailkatutako pilotari onenen artean. Finalerdiak uztailaren 21ean izango dira eta final handia uztailaren 28an jokatuko da. Guztiak Igarondo pilotalekuan.