Ekainaren 16ra arte eman daiteke izena bizikleta ikastaroetarako
Ekainaren 26tik uztailaren 12ra izango dira saioak, astelehenetan eta asteazkenetan, arratsaldez, maila ezberdinetan banatuta. Liburutegian edo online eman daiteke izena.
Legorretako Udalak bizikleta ikastaroak antolatu ditu, ekainaren 26tik uztailaren 12ra, astelehenetan eta asteazkenetan, arratsaldez. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, ekainaren 16a baino lehen, Legorretako liburutegian edo udalaren webgunean aurki daitekeen estekan. Adinaren arabera, ikastaro ezberdinak egingo dituzte, teknika ezberdinak lantzeko.
Hastapeneko ikastaroa 6 urtetik gorakoentzat izango da, 10 euroko prezioan. Aipatutako egunetan, 17:00etatik 18:30era izango dira saioak. Bizikletarekin harremana sortzeko jarduerak egingo dituzte, Xendapedalak parkean, bidegorriko ibilbidean, mendian edo erreka ondotik buelta txikiak emanez.
XC ikastaroa, berriz, 10 urtetik gorakoentzat izango da. Horretarako ere 10 euroko kuota ordainduko dute parte hartzaileek. 18:30etik 20:00etara, Xendapedalak parkean ibiliko dira, eta mendi ibilaldiak egingo dituzte. Azkenik, Enduro ikastaroa 12 urtetik gorakoentzat izango da, 20 euroko prezioan. 17:00etatik 20:00etara, Xendapedalak parkean ibiliko dira, eta jaitsierak egingo dituzte eremuan.