Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien 26. Sariketa abian
Proiektuak aurkezteko epea irailaren 22ra arte egongo da irekita hiru kategoriatan. 'Gaur hasten da zure etorkizuna!' da sariketaren aurtengo goiburua.
Goieki Goierriko Garapen Agentziak martxan jarri du dagoeneko Enpresa Ekimen Berrien 26. Sariketa, Gaur hasten da zure etorkizuna! lemapean.
Proiektuak aurkezteko epea irailaren 22ra arte egongo da irekita. Aurten ere hiru kategoria sarituko ditu Goiekik: Enpresa ekimen berriko proiektu onena; Enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onena; eta Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez.
Lehiaketa honen bitartez ekintzailearen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu nahi ditu Goiekik.
HIRU KATEGORIAK
1. Enpresa ekimen berriko proiektuak
Lehenengo kategoriak urteko proiektu ekintzaile onena saritzen du. Sustatzailearen irudia sustatzea, balio erantsi handiko enpresa berritzaileak sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea du helburu.
2022-2023 urtean zehar, negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten sustatzaileei zuzendua dago. Saria, irabazleari eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 6.000 euro + 3.000 euro* izango da.
* Beti ere sortu den enpresa kooperatiba izaera juridikoa baldin badauka.
2. Enpresan egindako proiektu berritzaileak
Bigarren kategoriak, Enpresek berritzeko egindako ahaleginak eta ekintzak aintzat hartu, eta publikoki zabaltzea eta saritzea du helburu.
Goierri eskualdeko ETEetan, 2022-2023 urtean zehar, berrikuntza proiektu bat gauzatu duten enpresei zuzendua dago. Saria, irabazleari eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 2.000 euroko izango da.
3. Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez
Orain dela lau urte sortu zen kategoria hau eta urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena saritzen du. Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea, sustatzailearen irudia sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea du helburu kategoria honek.
2022-2023 urtean zehar, negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten zailtasun edota bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendua dago eta proiektu onenak jasoko duen saria, enpresa eta enpresa ekimen berrien arloak eskainiko dizkion zerbitzuez gain, 2.000 eurokoa izango da.