Alaitasuna Errondaila eta Santikutz abesbatza bat eginda San Joan erronda egiteko
San Joan egunean bertan, larunbatean egingo dute emanaldi ibiltaria, 22:00etan hasita. Igandean, ikasturteko azken kontzertua egingo du bandak Agirre-etxeberri parkean.
Errondaila eta abesbatza elkarrekin, iazko San Joan erronda hasi aurretik. Ohiko San Joan erronda egingo dute larunbat gauean Alaitasuna errondailak eta Santikutz abesbatzak Legazpiko erdigunean. Erronda 22:00etan aterako da, eta Patrizio Etxeberria kalean hasita, Kale Nagusian egingo dute geldialdia Gurrutxaga eta Karibe tabernen parean, Nafarroa kalean gero, eta Urbeltz pilotalekuko arkupeetan amaituko dute. Euskal abestiak, habanerak, abesti mexikarrak edo rantxerak eta boleroak eskainiko dituzte, eta ez da faltako, ohitura den bezala, En mi viejo San Juan.
Gaueko saioaren aurretik beste emanaldi bat egingo dute errondailako eta abesbatzako kideek, 17:00etan hasita, Santikutz egoitzan.
Igandean, berriz, Legazpi Musika Bandak Udako kontzertua eskainiko du, ikasturteko azken emanaldia. Agirre-etxeberrin izango da saioa, 12:3ean.













