Xabi Zurutuzak garaipena lortu du Portugalen
Bi lasterketetako lehenengoa irabazi du, eta seigarren postura igo da munduko txapelketako sailkapen nagusian.
Junior MotoGP-ko munduko txapelketako lasterketa bat irabazi du asteburuan Xabi Zurutuza, eta sailkapen orokorrean seigarren postura igo da. Denboraldiko lehen garaipena da legazpiarrarentzat, eta podiumera igo den lehen aldia.
Portugalgo Portimaoko zirkuituan lortu du garaipena Zurutuzak, munduko txapelketak dituen zazpi errondetako laugarrenean, larunbateko proban. Miguel Aparicio prestatzaileak azaldu duenez, “lasterketan 24. portutik atera zen, kronoetan tarte geldoak egin zituelako eta long lang penalty zigorra bete behar izan zuelako. Egia esan, kronoak oso nahasiak izaten dira… Baina garrantzitsuena da irabazi egin zuela!”. Garaipenaz gain, itzuli azkarrena egin zuen (1:48.631), eta marka bat ezarri zuen, 2014an txapelketan antolaketa FIM eta Dorna erakundeek bere gain hartu zutenetik lasterketa bat irabazten duen ehungarren pilotua bihurtu delako.
Igandeko bigarren lasterketan 12. postuan atera zen, baina lurrera bota zuten eta ezin izan zuen amaitu.
Xabi Zurutuza seigarrena da orain Moto GP juniorreko munduko txapelketan, hiru erronden faltan.














