20.000 euroko saria lortu dute bi idiazabaldarrek
Sara Mujika eta Iñigo Zapirainek irabazi dute Etxeratek antolatutako zozketa baten lehenengo saria.

20.000 euro zeuden jokoan, eta Sara Mujika eta Iñigo Zapirain idiazabaldarrek irabazi zituzten 8436 zenbakiarekin. Asteazkenean banatu zuen saria Fermina Villanueva Etxerat elkarteko lehendakariak.
2023. urtean lau promozio egingo ditu guztira Etxerat Elkarteak; dagoeneko bi egin dituzte. Kinkea promozio bakoitzeko Maitane Azurmendi irudigile bizkaitarrak egindako 20.000 artelan salduko dira. Ilustrazio bakoitzeko 25 euro ordaindu behar ditu bakoitzak, eta zozketan parte hartzeko billete bat jasotzen du trukean.
Sari nagusiarekin batera, promozio bakoitzeko, beste 138 sari banatzen dituzte: 5.000 euroko hiru sari, 1.000 euroko hamabost sari, 500 euroko hogei sari eta 100 euroko 100 sari.
Idiazabaldarrek irabazi duten promozioan Errepidetik izeneko irudia banatu dute. Udaberrian Kanpotik banatu zuten, eta oraindik Barrutik eta Bihotzetik ilustrazioak banatzeke daude.
Falta diren bi zozketak irailaren 21ean eta abenduaren 21ean egingo dira.