Autokarabanak ugariagoak dira, aparkatzeko lekuak ere bai
Plaza gehiago egokitu dituzte Loinaz futbol zelaiaren ondoan. Beste gune bat gehiago ere prestatu dute, 20 plazekin, Antzizar auzoan. Eskaria handia da.

Logistika lan handiak eskatzen dituzte Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi probek, eta horietako bat aparkalekuen antolaketa da. Korrikalari gehienak Beasaindik kanpokoak dira, eta horiek ekartzen dituzten autoak, furgonetak eta autokarabanak aparkatzeko guneak egokitu behar dira.
Autoentzako eta furgonetentzako lekua Gipuzkoa plazan prestatu du aurten ere antolakuntzak, 200 plazekin. Eta autokarabanentzat, leku gehiago egin dute Igartza-Oletan, Loinaz futbol zelaiaren ondoan. Gainera, beste gune berri bat prestatu dute Autorecambios Goiherri enpresaren inguruan.
Autokarabana gehiago
Urtetik urtera autokarabanetan korrikalari gehiago etortzen direla dio Hilario Urretabizkaia antolakuntzako kideak, eta horregatik aurten plaza gehiago egokitu dituzte. «Igartza-Oletan 43 plaza izango dira, iaz baino hiru gehiago, eta betetzen bada, beste hogei sartuko ditugu Antzizar auzoan, Autorecambios Goiherri enpresaren aparkalekuan. Eta estu bagabiltz, asteburuan lantokia itxita dutenean beste lau-bost plaza gehiago izango genituzke». Geroz eta autokarabana gehiago datoz, «hasi ginenean, 22 plaza eskaini genituen, eta iaz motz geratu ginela ikusita, 43ra luzatu dugu Igartza-Oletakoa, eta beste gune berri hori ere egokitu dugu».
Proba handiko korrikalariak normalean ostegunean iristen dira Beasainera, «ostiral goizean beranduenez», eta ordurako dena prest izango du antolakuntzak, «udaltzainak ostegun goizean hasten dira aparkalekua husten, eta hesiak jartzen eta seinaleak jartzen».
Iritsi ahala joango dira betetzen plazak, eta horiek kontrolatzeko, bi boluntario egongo dira aurten. Aurten ere pare-parean egokitu da Donosti Cup futbol txapelketa, eta asteburuan Beasaingo bi zelaietan jokatuko diren partidak ikustera etortzen direnak gune horietan ez aparkatzeko zaindu beharko dute, adibidez. Lehen gunea betetzen bada nora jo esatea ere boluntario horien lana izango da.
Igartza-Oletako aparkalekuan ura izango dute autokarabanek, baina beste gunean ez, «hala ere, kiroldegia oso gertu dute».
Bigarren aldiz Malagatik Beasainera, lehen aldiz autokarabanarekin
Luciano Cerliani argentinarra da, baina Esteponan (Malaga, Espainia) bizi da, eta handik etorriko da autokarabanan familia hartuta, Ehunmilak proba bigarren aldiz egitera. Cerlianiri «primerakoa» iruditzen zaio antolakuntzak autokarabanak aparkatzeko gunea egokitzea, «bidaia luzea egiten dugunontzat askoz ere erosoagoa da horrela mugitzea, autokarabanan, eta nire kasuan, nirekin datozenentzat ere bai, atseden hartzeko eta nire jarraipena egiteko».
Malagako familia hau ostegun goizean aterako da etxetik, Beasainera arratsaldean iristeko asmoz, hurrengo egunerako atseden hartu ahal izateko. Proba eta gero, etxera itzuli aurretik Asturias eta Europako Mendiak (Espainia) bisitatuko dituzte.
Malagar honek kanperizatutako furgoneta bat du, eta horrekin mugitzen da lasterketetara. Beasainera etortzeko alokatu egin du autokarabana, familia osoa sartzeko furgoneta baino zerbait handiagoa behar dutelako. Beasainera lehen aldiz dator horrela, baina etxetik urruti dauden beste proba batzuetara ere autokarabanan joan izan da.
Bigarren aldiz Beasainen
Jose Godoyrekin eta Victor Manuel Doblasekin taldea osatuta egin zuen lehen aldiz Ehunmilak Cerlianik iaz. «Ez genuen lasterketa ezagutzen, proba gogorra zela bagenekien… eta espektatiba gutxirekin iritsi ginen, baina hirugarren postuan sailkatu ginen. Aurten ere saiatuko gara postu ona lortzen, ea lehenengo egiten dugun».
Lasterketa «ikaragarria» iruditu zitzaion, «lekua bera, Espainia mailan ikusi dudan antolakuntza onenetakoa, eta lasterketaren gogortasuna… ehun miliako probetan gogorrenetakoa da, eta hori, gogortasuna da nik gustuko dudana».
Iaz ere lasterketaren bezperan iritsi ziren, eta amaitu eta biharamunean alde egin zuten. Igandean sari banaketan izan ziren, eta «primeran» pasatu zuten. Errepikatzeko modukoa izan zen, eta errepikatuko dute.