Esperientzia sentsorial bat Ezkion

Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak Urola Garaia Turismo Bulegoarekin batera bisita gidatu bat antolatu du biharko.
Sagarra izango da ekintza hauetako elementu nagusia, eta norberak, sagarrez baliatuz, sagar zukua eta bizkotxoa egiteko aukera izango baitu. Horretarako, aurretiaz, sagarrak birrindu eta prentsatu beharko dituzte parte hartzaileek.
Aurretik ere egin izan dituzte Igartubeiti Baserri Museoan antzeko ekintzak, baina biharkoa berezia izango dela aipatu dute antolatzaileek, lehenengo aldiz egingo baitute bisitariek etxeko bizkotxoa.
XVI. mendeko dolare-baserria zeharkatuz eta haren nondik norakoak ezagutuz hasiko da bihar bisita. Gero, bisitariek, sagar zukua eta bizkotxoa prestatuko dituzte, garaiko baserritarren bizitza nolabait berpiztuz.
Antolatzaileek esan dutenez, zentzumen guztiak martxan jarriko dituen esperientzia izango da bihar arratsaldekoa, sagarra jotzeko erabiltzen ziren erritmo musikalak praktikatuko baitituzte parte hartzaileek.
Izen ematea, irekita
Bihar izango dira ekintza hauek, 17:00ean, eta izen ematea irekita dago oraindik. 943 722 042 telefonora deituz edo 688 640 534 zenbakira WhatsApp bat bidaliz ere apuntatu daiteke. Oraingoz jende gutxik eman du izena, baina plazak mugatuak direnez, aurretiaz izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek. Bisita gidatu hau doakoa izango da.