«Geroz eta jende gehiagok nahi du duen gaitasuna ikusi»
Patrizia Strandman (Västerá, Suedia, 1975) korrikalariak Goierriko Bi Handiak lasterketan parte hartuko du, lehendabiziko aldiz. «Abentura korritzeko gai izatearen sentsazioa izatea» espero du.

Ehunmilak ekitaldiko Goierriko Bi Handiak proban parte hartuko du Patrizia Strandman lasterkari suediarrak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten emakume suediar asko etorriko dira Ehunmilak-eko lasterketaren bat egitera. Strandman-ek lehendabiziko aldiz parte hartuko du. Suediako ezagun batek gomendatuta egingo du. Batik bat, kudeaketa ona egitea eta indartsu eta zoriontsu sentitzea ditu helburu. Spring izeneko aldizkarirako kazetari lanak egiten ditu, eta Goierriko Bi Handiak lasterketan bizitakoaz idatziko du.
Goierriko Bi Handiak proban hartuko duzu parte, 88 kilometroko lasterketan. Zerekin topo egitea espero duzu?
Nire lehenengo aldia izango da. Lagun batzuek 168 kilometroko lasterketa egin izan dute, eta beste batzuek 42 kilometrokoa. Haietako batzuek, behin baino gehiagotan parte hartu dute! Mendi lasterketetatik gehien gustatzen zaizkidan gauzetaz hitz egin didate: gogorra dela, aldapatsua, polita, teknikoa, paisaia ederrak daudela, eta ilunabar eta egunsenti zoragarriak daudela. Beraz, horixe espero dut: paisaiak, adrenalina, izerdia eta benetako poztasunaren sentsazio hori. Abentura hau korritzeko gai izatearen sentsazioa.
Zein da zure helburua lasterketarako?
Hiru helburu zehaztuko nituzke: kudeaketa ona, 18 ordutik beherako denbora egitea eta indartsu eta zoriontsu sentitzea. Garrantzitsuena, hirugarren hori, lehenengoarekin batera. Beste guztia bonusa da. Niretzat aparteko zerbait den egiteko eguna izatea espero dut, eta 18 ordu azpitik egitea, aldearekin. Baina oso gutxi dakit lasterketari buruz, eta gero tenperaturak, eguzkiak, euriak ere eragiten du.
Egon zara noizbait Goierrin?
Ez, sekula. Eta oso gutxi dakit lekuari buruz. Baina gogotsu nago eskualdea ezagutzeko.
Inoizko emakume kopururik handiena izango da. Geroz eta emakume gehiagok egiten dute korrika mendian?
Emakumeak lasterkari indartsu eta bizkorrak direla badakit. Batzuk entrenatzen ditut, eta badakit lasterketa gogorrak eta entrenamendu gogorrak egiteko gai direla. Batzuei beste batzuen aurka lehiatzea gustatzen zaie, beste batzuei haien buruaren aurka. Beste batzuek abenturagatik egiten dute, edo mugak gainditzeko. Nik zertarako gai naizen ikusteko egiten dut korri, abenturagatik, indartsu sentitzeko. Eta sailkapenaren goi partean geratzen banaiz, bonusa da.
«Zertarako gai naizen ikusteko egiten dut korri, abenturagatik, indartsu sentitzeko»
«Bidean jendea izatea gustatzen zait, inguruko paisaiekin gozatuta»
Suediatik korrikalari asko etorriko zarete, batez ere emakumeak. Nola ezagutu zenuen Ehunmilak?
Ultra lasterketak nahiko popularrak dira Suedian. Eta hazten doa. Geroz eta jende gehiagok nahi du bere buruak duen gaitasuna ikusi. Ni asko pozten nau emakumeak ikusteak mendi lasterketetan. Ehunmilak ezagutu nuen Suediako emakume batek esanda. Berak 168 kilometrokoa egingo du aurten.
Asko bidaiatzen duzu mendi lasterketak egiteko?
Ez, zoritxarrez. Horrelakoak gehiagotan egiteko denbora eta dirua edukitzea gustatuko litzaidake. Azkena 2021ean izan zen: Dragon Back Race, Galesen. Oso lasterketa gogorra. Ondo bidean, Monte Rose lasterketa egingo dut datorren urtean.
Hiru lasterketa daude Ehunmilak-en barruan. Zergatik G2Handiak?
Ehun kilometrotik gora gehiegi dira niretzat aurten. Distantzia hori entrenatzerik ez dut izan. Eta 42 kilometrokoak, esan didatenez, ez dauka niri gustatzen zaidan pista. Beraz, G2Handiak geratzen da. Distantzia gustatzen zait, oso gogorra baina egingarria. Are garrantzitsuagoa, distantzia hori eta gora eta beherako metroak entrenatzeko denbora daukat.
Kazetaria zara. Probari buruz idatziko duzu?
Berez Mälarhammar (Suedia) hiriko portuko negozio arduraduna naiz, baina Spring aldizkarirako ere idazten dut. Probari buruz idatziko dut bueltan.
Eguzkia ala euria, zer nahiago duzu probarako?
Eguzkia. Egun beroa izatea nahiago dut, euritsua baino. Bidean jendea izatea gustatzen zait, inguruko paisaiekin gozatuta.
Espresuki lasterketarako etorri zara ala bisitatzeko aukera ere izango duzu?
Bilbora iritsi nintzen atzo eta Beasainera gaur. Lasterketa egin ondoren, astelehenean itzuliko naiz Bilbora, goizean, egun bat pasatzeko bertan. Lasterketa da nire helburu nagusia, baina egun batzuk izango ditut aurretik eta ondoren eskualdeaz gozatzeko.