«Mendia eta entrenatzea asko gustatzen zaizkit»
Seguran bizi den Odilo Rivelak (Beasain, 1978) lehenengo aldiz egingo du MariMurumendi mendi maratoia. "Sensatzio onekin bukatzea" da haren helburua.
Zure lehenengo aldia al da MMM proban?
Bai, maratoi bat eginda daukadan arren, Zegama-Aizkorri egin nuen iaz, hau izango da MMM egingo dudan lehen aldia.
Zer izango da politena?
Erritmo puntu on bat bilatzea, aurkitzea ondo joango naizen erritmo bat baina baita ahalik eta azkarrena. Hala ere, nik gehien entrenamenduetan disfrutatzen dut, egunerokotasunean. Ez naiz oso lehiakorra. Mendia eta entrenatzea asko gustatzen zaizkit.
Eta zer egiten zaizu gogorrena?
Ibilbide luzeagoetan burua hotz mantentzea izango litzateke, kasu honetan maratoia luzea izanda ere, ez dizu hainbeste pentsatzeko denbora ematen. Hala ere, momentu on eta txarrak daude lasterketan, eta askotan, mendian batez ere, gaizki edo egoera zailen aurrean ahalik eta modu hoberenean buelta ematen saiatzea da erronka nagusia.
Zer egiten da zailagoa lasterketa bera ala aurreko prestakuntza?
Denak dauka bere zailtasuna. Azkenean egunerokoa mantentzea ere ez da erraza: lana, umeak, etxeko gauzak… Ni gutxi gorabehera jada ohituta nago ordutegi goiztiar batera. Nahiko karratua naiz planifikazioan eta antolaketan. Goizean egiten dut entrenamendua eta gero egun guztia dator. Alde horretatik egunerokotasuna nahiko kontrolatuta daukat. Gainera eguneroko lan horrek garanti bat ematen dizu lasterketan. Suposatzen da lasterketa egunean dena errazagoa izango dela eta dena ondo joango dela. Lasterketa eguna disfrutatzeko eguna da.
Erritualik ba al duzu?
Ez, egia esan ez. Nire betiko materiala eramaten dut, ezagutzen dudana eta badakidana funtzionatzen duela. Gauza berririk ez dut probatzen lasterketetan. Aurretik ondo probatutakoa eramaten dut beti. Suertean ere ez dut bereziki sinisten, suertea izan dezakezu eguraldiari dagokionean, baina lasterketan egiten duzuna, aurretik egin duzun lanaren emaitza da, egindako prestakuntzaren isla.
«Eguzkia txarra da orokorrean. Uztaileko eguzkia oraindik eta okerragoa»
«Entrenamenduetan disfrutatzen dut, egunerokotasunean. Ez naiz oso lehiakorra»
Zein dira zure beharrezkoak lasterketarako?
Zapatila modelo jakin bat erabiltzen dut, eta horiek dira nire beharrezkoak.
Zein izango da zure aurtengo helburua?
Sentsazio onekin bukatzea. Egia da ordulariari begira ere joango naizela, baina sentsazioen arabera korritu nahi dut. Ez daukat oraingoz buruan marka zehatzik.
Non moldatzen zara ondoen, aldapa gora edo behera?
Beheraka hobeto moldatzen naiz goraka baino. Baina jaisteko beti igo egin behar da. Ez naiz bereziki ondo edo gaizki moldatzen bi moduetara.
Aukeran, ze eguraldi duzu nahiago?
Eguzkia txarra da orokorrean. Uztaileko eguzkia gainera oraindik eta okerragoa. Egun freskoagoa egiten badu nahiago.
Nolatan hasi zinen mendi lasterketetan?
Berez arte martzialetatik nator. Konpetitzen ibili eta gero, beste gauza batzuk egiten hasi nintzen. Entrenamenduen ordutegia familia ordutegiarekin uztartzea ez zen erraza eta beti gimnasioa, bizikleta eta korrika egitea asko gustatu zaidanez horrela hasi nintzen beste gauza batzuk probatzen. Esango nuke bide natural bati jarraituta iritsi naizela mendi lasterketara. Gainera, Seguran bizita ere zaila da mendira ez joatea. Goierrin mendiz eta naturaz inguratuta gaude eta oso txoko politak dauzkagu, Zegama-Aizkorri ere alboan…
Zein izango da zure hurrengo helburua?
Urte honen bukaeran Donostiako maratoia egin nahi dut, iaz ere egin nuen eta beste saiakera bat egin behar dut, hobetzeko asmoz. Hurrengo urtean Zegama-Aizkorri ere egin nahiko nuke.
Zer nahiago duzu, asfaltoa ela mendia?
Mendia nahiago dut. Asfaltoari ere hartu diot trukoa. Donostiako maratoian hasiera eta bukaera ez zaizkit bereziki gustatzen. Azkeneko zatia bereziki luzea egiten da. Hasieran ere giro batzuk daude kaleetan, 6.en kilometrora arte ez zoaz oso eroso.
Lasterketa bukatu eta gero, zer izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Atsedena hartzea bereziki, eta gero beste helburu batzuetan zentratuko naiz.












