Uemako hautetsiak Konstituzionalaren sententziaren aurka bildu dira: «Nahikoa da»
Espainiako auzitegiaren ebazpena «kolpe handia» izan dela gogoratu dute, eta onartu ezin den «atzerakada» bat ekar dezakeela; euskaraz lan egiten jarraitzeko asmoa dute.
Uemako hautetsien agerraldia, gaur, Usurbilen, tartean Goierriko hainbat. Agerraldi jendetsua egin dute gaur Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hautetsiek Usurbilen (Gipuzkoa). Udalerri askotako ordezkariak elkartu dira, 125 alkate eta hautetsi, eta agiri bat irakurri dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien sententzia deitoratzeko. Udal legearen artikulu batek zehazten du zehazki euskarazko funtzionamendu hori; agiriak euskaraz bakarrik egiteko irizpideak zehazten ditu, eta horren kontrakoa izan da epaia. «Nahikoa da. Nahikoa dela esatera etorri gara gaur Uemako ordezkariok», esan dute. Mankomunitateko jarduneko lehendakari Iraitz Lazkanok irakurri du agiria. Txalo zaparrada handi batekin amaitu dute.
Agerraldian nabarmendu dute «hainbat kolore politikotako» ordezkariak batu direla, eta batasun irudi horrekin erakutsi nahi izan dutela «lege babesarekin edo gabe» asmoa dutela euskaraz lan egiten jarraitzeko. «Guk horrelaxe jarraituko dugu, euskaraz funtzionatzen; horretarako bide luzea egin dugulako eta gure konpromisoa eta nahia delako». Gogoratu dute udal legea 2016an Eusko Legebiltzarrean onetsi zela «gehiengo zabalaren» babesarekin. «1982ko Euskararen Legeak berak izan zuen baino adostasun zabalagoarekin», nabarmendu dute.
Azaldu dute udal legearen 6.2 artikuluak ez duela deus okerrik. «Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza eskubideak urratu gabe», esan dute. «Hizkuntza eskubideak Uemako udaletan errespetatzen dira gehien». Gainera, gogoratu dute artikulu hori «udal barruko» dokumentuei buruz ari dela. «Ez gara ari herritarrekiko harremanei buruz».
Ebazpenak inolaz ere onartu ezin den «atzerakada» bat dakarrela adierazi dute: «Kolpe handia da». Atzean «ultraeskuina» dagoela gogoratu dute. Hain justu, Voxek eraman zuen aurrena auzitara udal legean oinarritutako dekretu bat. Ondoren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen «bigarren urratsa», dekretuaren «oinarriaren» kontra eginda: udal legearen beraren kontra. Legeak idatzizko agirien inguruan zehaztutakoak «inkonstituzionalak» izan zitekeen susmoa azaldu zuen, eta horra, horixe bera berretsi du atzo plazaratu zen Konstituzionalaren ebazpenak.
Albiste osoa Berria.eus webgunean.
AGIRIA. Uemaren adierazpena












