Xabier Araña ordiziarrak irabazi du Santa Ana festetako kartel lehiaketa
Hogeita hamar lanetik gora jaso ditu udalak aurtengo lehiaketan. Originaltasuna, aniztasuna eta berdintasuna hartu dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan.

Gaur eguerdian jakinarazi du udalak 2023ko Santa Ana festetako kartel lehiaketaren irabazlea nor izan den. Xabier Araña ordiziarrak irabazi du lehiaketa, proposamen koloretsu batekin. Jaiak iragartzeko kartela izatearekin batera, etxebizitzetara banatuko den programaren azalean agertuko da.
Danborrada da karteleko gaia. Gudarien Etorbidean ikus daitezke danborrariak, barrileroak, musika banda, eta inguruan herritarrak. Pastel-koloreak dira nagusi. Hogeita hamar lanetik gora jaso ditu udalak aurtengo lehiaketan. Izaro Insausti kultur teknikariak azaldu duenez, “arrakastatsua” izan da parte-hartze aldetik. “Oso pozik gaude erantzunagatik eta are gehiago irabazlea ordiziarra delako”. 500 euroko saria jaso du Arañak.
Epaimahaia Altarte artisten elkarteko ordezkari batek, berdintasun teknikariak eta komunikazioko eta kulturako kideek osatu dute. Hiru irizpide izan dituzte kontuan: originaltasuna, aniztasuna eta berdintasuna.