Ordiziako pilota jaialdirako sarrerak Jai Alai elkartean salgai, astelehenean eta asteartean
Santa Ana festak iristear dira eta ohi bezala, aurten ere jaietako pilota jaialdia izango da. Binakako bi partida jokatuko dira: lehenengoa, Dario-Gaskue bikotearen eta Zabala-Eskuza bikotearen artekoa izango da, eta bigarrena, partida nagusia, Elordi-Zabaleta bikotearen eta Altuna III.a-Martija bikotearen artekoa. Uztailaren 26an izango da jaialdia, Santa Ana egunez, 18:00etatik aurrera. Sarrerak astelehenean eta asteartean, hilaren 17an eta 18an, egongo dira salgai Jai Alai elkartean, 18:00etatik 20:00etara.
Sarrera gehienak Jai Alai elkarteak salduko ditu aipatutako egun horietan. Aldez aurretik, halere, erreserbak egin ditzakete interesa dutenek, 635 702 780 mugikor zenbakira deituta. Gainontzeko sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke online, Entradasfronton.com webgunean, 35 euroan. Online erosi daitezkeen sarrerak kantxa atzealdeko eserlekuak dira, errebote ondokoak.













