Bikuña-eneako eskailerak eta Latxartegiko haur eskolako parkea konpontzen hasi da udala

Parkean harri txikiez osatutako gunea berrituko dute. Harriak kendu eta belar artifiziala jarriko dute.

Bikuña-eneako eskailera

Legazpiko Udalak Bikuña-enea auzoko eskailera bat konpontzeko eta Latxartegiko haur eskolako parkea berritzeko obrak hasi ditu aste honetan.

Bikuña-eneako eskailera auzoko 10. atariaren parean dagoena da, eta lanaren xedea hormaren morterozko akabera konpontzea da, zarpiatuta dagoelako. Konponketa amaitzeko horma margotu egingo dute. Sadekosa enpresa ari da lanak egiten, eta aurrekontua 8.302 eurokoa da. Hilabeteko iraupena izango du.

Latxartegiko parkearen berrikuntza
Latxartegiko haur eskolako parkean, berriz, harriak kendu eta belar artifiziala jarriko dute. Parke hau 2018an egin zen, Haztegi ikastolarekin adostutako proiektu bati jarraituz eta eraikineko jabeen komunitateari horren berri emanez.

Parke hori ikasleekin sentsazioak lantzeko proiektu esperimentala zen, eta zurezko trabesekin banatuta, hainbat eremu sortu ziren, material desberdinez betetzeko: zuhaitz-azalak, ibaiko harea, harritxoak eta belar artifiziala. Drainatze sistema jasangarria zuen ur iturri bat ere jarri zen.

Baina parkeak arazoak eman ditu, eta konpontzen joan behar izan dira, besteak beste, harrien gunea handitu dute, belar artifizialaren gunea garbitu behar izan dute, zuhaitz azalak kendu dituzte eta kautxuzko lurzorua jarri dute horien ordez, zura garbitu eta margotu ere egin behar izan dute, eta iturriaren saneamendua konpondu ere bai.

Gaur egun, parkean dauden harriekin azaroak sortzen ari dira, errepidera edo ataripera iristen direlako. Gune hori berrituko dute orain, hain zuzen, eta harria kenduta, belar artifiziala jarriko dute. K1 Ekopaisaia SLL enpresak egingo ditu lan horiek, 7.296,20 euroko aurrekontuarekin eta bi asteko iraupenarekin.

Latxartegiko haur parkea

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa