Arroza prestatuko dute belaunaldien arteko sukaldaritza topaketan
Hilaren 21ean egingo dute bigarren edizioa, Azokan. Lehiaketa izango da berriz ere, eta taldeka parte hartu beharko da. Taldeek hiru kide izango dituzte, adin desberdinetakoak.
Belaunaldien arteko iazko edizioa: amak, semeak eta bilobak osatutako taldea. Belaunaldien arteko Legazpiko bigarren sukaldaritza topaketa hilaren 21ean egingo dute, 12:00etan, Azokan. Arroza prestatu beharko dute partaideek, eta izena emateko epea bihar, hilak 11, amaituko da.
Buztintegi elkarteak eta Legazpiko Udalak antolatu dute, eta «topaketa gastronomiko desberdina» izango dela aurreratu dute, bertan parte hartuko duten taldeetako kideak belaunaldi desberdinetakoak izango direlako. Lehiaketa formatuan izango da berriz ere topaketa, eta partaideek Azokan prestatutako platerak Gizarte Etxean dastatuko dituzte. Bertan emango da jakitera zein den talde irabazlea. Epaimahaia ere belaunaldi artekoa izango da, eta plateraren originaltasuna eta aurkezpena, garbitasuna eta taldearen giroa hartuko dituzte kontuan epaia ematerakoan.
Munduko arrozak
Arroza izango da prestatu beharreko platera, munduko arroz desberdinak hain zuzen. Hiru kideko taldeak osatu beharko dira parte hartzeko, eta horien artean 25 urteko aldea izan beharko dute gutxi gorabehera. Gainera, taldekideetako bat gutxienez emakumea izan beharko da. Parte hartzeko bakarka ere eman daiteke izena, eta gero osatuko da taldea.
Talde bakoitzak 30 euro jasoko ditu erosketa egiteko, hau da, 250 gramo arroz eta bestelako osagaiak.
Izena emateko Gizarte Zentrora joan behar da 09:00etatik 11:00etara edo udaletxera. LegazpiOn aplikazioan edo Udalaren www.legazpi.eus webgunean ere eman daiteke izena. Bihar da azken eguna.
Jarduera honen bitartez, Legazpiko Udalak belaunaldien arteko harremanak indartzearen garrantzia lantzen jarraituko du, Foru Aldundiarekin batera, «etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko».












