Etxean energia aurrezten erakusteko bi saio egingo dituzte Legazpin
Foru Aldundiaren Energia Argitu programaren barruan kokatuta, hilaren 17an eta 24an izango dira. Doakoak dira, baina izena eman behar da.
Makaia, Valbuena eta Frances, energiari buruzko saioen aurkezpenean. ARGAZKIA: Legazpiko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Legazpiko Udalarekin elkarlanean, energiaren aurrezpenari buruzko bi saio eskainiko ditu Legazpin, Energia Argitu programaren barruan. Udaleko Oscar Valbuena Garapen iraunkorreko zinegotziak, Alonso Frances teknikariak eta Urola Garaiko Mankomunitateko Garapen Jasangarria ataleko arduradun Josune Makaiak aurkeztu dituzte bi saio horiek.
Lehenengoa etxebizitzarako berokuntza sistemarik egokiena zein den ezagutzeko baliagarria izango da, eta hilaren 17an izango da. Izena eman behar da hilaren 13rako. Bigarren tailerra hilaren 24an emango dute, Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan izenburupean. Hilaren 19rako eman behar da izena. Bi saioak Kultur Etxean emango dituzte, 18:30ean, eta izena emateko argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 605 757 687 telefono zenbakira deitu behar da.
Berokuntza sistemak
Hilaren 17an egingo den saioa oso aproposa izan daiteke etxea berotzeko sistemarik eraginkorrena zein den jakiteko. Horretarako aztertu behar diren alderdiak azalduko dituzte, besteak beste: etxebizitza mota, instalatuta dauden aparatu edo hodiak, etxebizitzaren erabilera… Helburua da herritarrak gaiari buruzko nozio argi batzuekin ateratzea, eta berogailu sistemei buruzko oinarrizko irizpideak izatea, merkatuko berrikuntzek eragindako erabakiak ez hartzeko etorkizunean.
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek urriaren 13a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea.
Energia kit bat
Bigarren tailerra egokia da etxeak energia galtzen duen ikusteko. Saio hau hiru hiru pausotan emango dute. Alde batetik, hilaren 24an, etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dituzte. Bestetik, udalaren bitartez, interesdunei Energia Argitu Kit maletak banatuko zaizkie nahi duten guztiei. Kit horrek aukera emango du etxeetan neurketak egiteko, energia gabeziak detektatzeko (aire ihesak, erradiadoreetako galerak, ur emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak…) eta % 5 eta % 10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak proposatzen ditu. Maleta horretako tresnak erabiltzeko ez du ezagutza teknikorik behar, eta edonork erraz erabil ditzake.
Hirugarren pausoan, behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, lortutako emaitzei buruzko zalantzak etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin kontsultatzeko aukera izango dute partaideek.
Kanpaina honetan parte hartu nahi duten herritarrek, urriaren 19abaino lehen izena ematea beharrezkoa da.












