Euskadin egindakoa jarri du ikusgai Lenburrek
Erakusketa berri bat ireki du Fabrika gunean, 'Euskadin egina' izenarekin eta inguruko lantegietan egiten ziren objektuei eskainita. Datozen bi asteburuetan egongo da ikusgai.
Euskadin egina izenarekin erakusketa berri bat jarri du ikusgai Lenbur Fundazioak Txillida Lantokiko Fabrika gunean, inguruko herrietako lantegietan egiten ziren produktuak ardatz hartuta. Atzo inauguratu zuten eta urriaren 22ra arte egongo da irekita, asteburuetan. Aste honetan ostegunetik igandera bitartean egongo da ikusgai, eta hurrengoan, ostiraletik igandera.
Atzoko inaugurazioan Eric Galvez Legazpiko alkateak, Lenbur Fundazioko lehendakari Luis Txillidak eta Olatz Conde teknikariak eta Gordailua erakundeko Xabier Kerexetak parte hartu zuten. Gainera, herritar ugari hurbildu zen ekitaldira.
Galvez alkateak erakusketaren balioa nabarmendu zuen, “Legazpiren historia ezin delako ulertu industriarik gabe”, eta alor horretan herriak etorkizunari begira erronka handiak dituela aipatu zituen, udala horiei begira lanean ari dela esanez, “hemendik 50 urtera berriz ere horrelako erakusketa batean elkar gaitezen, gaur egiten diren produktuak ikusteko”.
Chillidak, bestalde, Lenburren sorreratik lanean jardun duen lan taldea ekarri zuen gogora, “aurkitzen zuten gauzak biltzen, ixten zituzten lantegietara joaten… eta seguru aski zabortegi batera botako zituzten trasteak berreskuratzen. Horrela osatu zuten gaurko Lenburren diskurtsoa”. Diskurtso horrek ondarearen berreskurapena du ardatz, eta “horri esker lortu da gaurko erakusketa osatzea”.
Paper fabrikan gune berria
Olatz Conde arduratu zen erakusketaren edukia azaltzeaz, eta lehenik eta behin, kokapenaz hitz egin zuen, paper fabrika zaharraren beste gune bat berreskuratu dutelako horretarako. Antzinako tailer baten itxura eman diote gune berri horri, eta bi zatitan banatu dute, batean industriari buruzko erakusketak egiteko espazio bat egokituz, oraingoan Euskadin egindako objektuei eskainitakoa, eta bestea, hezkuntzari bideratutakoa, Jolasten Ikasten izenekoa eta erakusketaren gaia modu didaktikoan, jostagarrian eta pedagogikoan lantzeko diseinatutakoa.
Euskadin egina erakusketak, beraz, behin-behineko izaera du, eta ondoren etorriko diren beste erakusketa batzuen aitzindaria izango da. Oraingoa lantegietan egiten ziren objektuei eskainita dagoen bezala, gero emakumeen lan munduari edo beste gai batzuei eskainitakoak izango dira.
Objektuak ardatz
Objektuak dira erakusketa honen ardatza, “artisauen garaian produktuan banan bana egiten ziren, baina industrializazioarekin produktuak seriean egiten hasi ziren lantegietan”, azaldu zuen Condek, eta lanategi horiekin herriak produktu zehatz bati lotu ziren: “Mendaro txokolatearekin, Legazpi mailuekin, Beasain trenarekin…”. Erakusketan produktu horietako batzuen historia jasotzen da, Sancheski patin eta patineteena bezala: “Irungo Sanchez familiak sortutakoa da; eskiak egiten zituzten, eta abizena eta eski hitza lotuta sortutako marka da”
Sancheski patinak bezala, beste hainbat produktu ere ikus daitezke erakusketa honetan, egurrezko kutxetan antolatuta: Zaldibiako Bilore eta Donostiako Lagarto xaboiak, Gasteizko Kas edaria, Oñatiko Tximist pilak, Gasteizko Fournier kartak, Donostiako Koipe olioa… Horiekin batera, lantegi bakoitzaren historia jasotzen duen fitxa bat erantsi dute, “horren guztiaren atzean ikerketa lan handi bat dagoelako”. Kutxa bat hutsik dago, eta ‘Zure herrian zer egiten zen?’ galdera du idatzita bertan, “industria ondarea berreskuratzen jarraitu nahi dugulako. Baten batek bere herrian egiten zen produkturen bat gordeta badu, ekarri dezala”.
Gordailuarekin elkarlanean
Objektu bitxi eta berezi bat ere badago erakusketan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua Ondare Bildumen Zentroak utzitakoa, aerografo bat, hain zuzen. Lenburrek aspalditik egiten du lan Gordailuarekin batera ondarea berreskuratzen, eta elkarlan horren ondorioa da aerografo hori Legazpiko erakusketan egotea.
Hain zuzen, Gordailuko Xabier Kerexeta ere izan zen erakusketaren inaugurazioan, eta pieza horren jatorria azaldu zuen. Gasteizen egindako Sabola aerografo bat da, Donostiako Ibaeta auzoko lantegi batean erabiltzen zen, piezak bernizatzeko. Kerexetak, bestalde, industria ondarea berreskuratzeko Lenbur egiten ari den lana “oso inportantea” dela aipatu zuen, Gordailua duela gutxi hasi delako zeregin horretan. “Dena ezin da gorde, baina lekuko batzuk gorde behar ditugu, eta oso inportantea da erakundeak horretan elkarlanean aritzea, ez errepikatzeko eta urrutirago iristeko”.
Erakusketaren ordutegia
Urriak 12, osteguna: 12:00etatik 14:00etara
Urriak 13, ostirala: 18:00etatik 20:00etara
Urriak 14, larunbata: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara
Urriak 15, igandea: 12:00etatik 14:00etara
Urriak 20, ostirala: 18:00etatik 20:00etara
Urriak 21, larunbata: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara
Urriak 22, igandea: 12:00etatik 14:00etara
Ikastetxeentzat eta taldeentzat bisita bereziak antolatuko dituzte, 943 73 04 28 telefono zenbakira deituta














